Politika
Erabakitzeko eskubidea
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Plataformako eledunek iragarri dutenez, ekainaren 22an "eztabaida subiranistari berriro heltzeko" eskatuko dute Legebiltzarrean. Halaber, uztailaren 2an, Kataluniako erakundeeki batera antolatutako lehen ekintzan, Pirinioetako 300 gailur argiztatuko dituzte autodeterminazio eskubidearen alde.
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, prentsaurrekoa eta gero. Argazkia: Gure Esku
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku plataformak "anbizio handiagoa" eskatu die ordezkari politikoei Euskal Herriko zein Kataluniako autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko orduan. Izan ere, horren arabera, "herri honen burujabetza nahia ez da itzali, eta ez dugu uste itzaliko denik". Kritikatu dutenez, politikariek "zain dirudite, beste eszenatoki batzuetan zer gertatuko zain, hauteskunde zikloak noiz pasako zain".
Donostian egindako gosari informatibo batean, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek uztailaren 2an egingo duten "Pirinioetako Bidea" ekimenaren helburu politikoak azaldu dituzte. Uztailaren 2an, Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro batekin Euskal Herria eta Katalunia lotzeko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Ekimena Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra izango da: Gure Esku bera, ANC Assemblea Nacional Catalana eta FEEC Federacio d'Entitats Excursionistes de Catalunya dira antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaile. Diotenez, "epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa" irudikatu dute.
Era berean, iragarri dute ekainaren 22an Eusko Legebiltzarrean eskaera bat erregistratuko dutela "eztabaida subiranistari berriro heltzeko" eta herritarrei "dagokien tokia emateko" eskatuz.
Alvarezek eta Etxaburuk zehaztu dutenez, uztailaren 2ko ekimenarekin nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu nahi dute autodeterminazioaren alde. Euren ustez, "erabakitzea ez da inoiz gatazka iturri, erabakia ukatzea, aldiz, bai. Arazoa ez dago, beraz, Katalunian edo Euskal Herrian; arazoa Estatuena da".
Azpimarratu dutenez, "Ukrainako gerrak indartu baino ez du egiten gatazka politikoak bide demokratikoetatik konpontzeko beharra eta aldarria. Komenigarria ez ezik, ezinbestekoa ere bada gerrara garamatzan real politik-aren logika haustea".
Nola parte hartu 'Pirinioetako Bidean'
Ekimenaren irakurketa politikoa egiteaz gain, uztailaren 2ko ekintza nola burutuko duten azaldu dute Gure Eskuko bozeramaileek. Euskal herritarrek 120 gailur argiztatzeko "erronka" izango dute, Jaizkibeletik Benasqueraino. Parte hartzeko, Gure Eskuren webgunean edo norberaren herrian izena eman beharko da (orokorrean, 10 euro pagatuta).
Gailur 'berdeak', jende gehienarentzat irisgarriak dienak, Euskal Herrian daude. Herri bakoitzak gailur bat edo batzuk izango ditu izendatuta. Gailur "gorriak", aldiz, Erdialdeko Pirinioetan daude, eta mendizale trebatuentzat egongo dira gordeak (izen ematea mugatuko dute).
Bestalde, mendian gora ibiltzeko asmoa ez duten herritarrei Jaizkibel mendira joateko dei egin diete, Guadalupe inguruan "musika eta giro ederra" izango baita.
Ekintza eguzkia sartzen denetik ilundu arteko denbora tartean, 21:45etik 22:30etara, izango da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa