Politika
Espioitza politikoa
Pegasus auzia sekretupetik atera eta Felix Bolaños ministroa deklaratzera deitu du epaileak
EITB MEDIA
Horrez gain, Pegasus programa saltzen duen enpresako CEOa elkarrizketatzera joateko eskaria luzatuko dio Israeli Jose Luis Calama epaileak, ikerketan aurrera egiteko asmoz.
-
Felix Bolaños ministroa EFEren artxiboko irudi batean.
Pegasus sistemaren bidez egindako espioitza kasuak ikertzen ari den epaileak sekretupetik atera du auzia, eta Felix Bolaños presidentzia ministroa deitu du deklaratzera. Uztailaren 5ean joan beharko du Auzitegi Nazionalera, goizeko 09:00etan.
Horrez gain, Pegasus programa saltzen duen enpresako CEOa elkarrizketatzera joateko eskaria luzatuko dio Israeli Jose Luis Calama epaileak.
Presidentzia ministroak maiatzaren hasieran jakinarazi zuen Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen telefonoak hainbat aldiz infektatu zirela Pegasusekin 2021ean zehar. Ondoren, Gobernuak salatu zuen Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren telefonoa ere kutsatu zuela software espioi horrek.
Jose Luis Calama epaileak jaso zuen Espainiako Gobernuaren salaketa, eta auzi bat irekitzea erabaki zuen, sekretupean. Orain, baina, sekretupetik atera du eta eginbide batzuen berri ere eman du; esate baterako, ostiralean Paz Esteban, CNIren zuzendari ohiak deklaratu zuela eta CNIko beste hainbat funtzionariok ere bai.