15:15

Politika

eitb focus

NA+ koalizioak irabaziko lituzke hauteskundeak Nafarroan, PSNk indarra mantendu eta EH Bilduk gora egingo luke

iker gonzalez | eitb media

Gainera, EITBk egindako makroinkestaren arabera, Vox Parlamentuan sartuko litzateke bi ordezkarirekin, eta Geroa Baik zein Podemosek ordezkari bana galduko lukete. Izquierda-Ezkerra batetik bira pasatuko litzateke.

1:02
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

 

IDEIA NAGUSIAK

-NA+, Geroa Bai eta Podemosek behera egingo lukete

-Vox Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeako Udalean sartuko litzateke

-PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik botoak batuz gero sozialisten hautagaiaren inbestidura bermatuta egongo litzateke

-Iruñean ere behera egingo luke NA+ koalizioak, bi zinegotzi galduta, EH Bilduk ez bezala, bat gehiago lortuko luke eta

Navarra Suma (NA+) koalizioak Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak irabaziko lituzke, bozketa orain eginez gero, eta sigla berarekin aurkeztuko balira, baina 2019an lortutako 20 ordezkarietatik hiru galduko lituzke, eta botoetan % 4,5 gutxiago jaso, EITB FOCUS EITB Taldeak egindako hogeita zazpigarren makroinkestaren arabera.

EITB FOCUSen inkesta berria udal hauteskundeetarako urtebete falta denean egin dute, 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko bailituzkete. Gaur, EITBk inkesta honen hirugarren eta azken zatia argitaratu du, kasu honetan Parlamentu nafarreko eta Iruñeko boto asmoan azpimarra jarrita.

Hala, inkestek aurreikusi dutenez, Navarra Sumak, Geroa Baik eta Podemosek behera egingo lukete, eta EH Bilduk, Ezkerrak eta Voxek gora. PSNk ordezkaritza mantentzea lortuko luke.

Zehatz-mehatz, NA+ koalizioak gaur egun dituen 20 eserlekuetatik 17 izango lituzke, alegia, Ganberan daukan ordezkaritzaren % 15 galduko luke, baina indar bozkatuena izaten jarraituta. Ondoren, PSN litzateke bigarren indarra, ordezkari kopuru berarekin (11), eta babes apur bat gehiago jasota.

Nafarroako Parlamenturako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

Nafarroako Parlamenturako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

 

EH Bilduk, bestalde, hirugarren indarrik bozkatuena izatea lortuko luke eta 7 ordezkari izatetik 9 izango lituzke, 2019an baino ia hiru puntu gehiago jasota. Geroa Baik, ordea, parlamentari bat gutxiago izango luke, eta 8rekin geratuko litzateke. Izquierda-Ezkerrak bi lortuko lituzke, gaur egun baino bat gehiago.

Vox, lehen aldiz, Parlamentu nafarrean sartuko litzateke bi ordezkarirekin, Ganberan zein hiriburuan ordezkaritza izatea erdietsita.

Azkenik, Podemosek behera egingo luke, ordezkari bakar batekin geratuta, EITBk egindako inkestan udal eta foru hauteskundeetarako aurreikusi duten joerarekin bat eginez.

Nafarroako Parlamenturako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

Nafarroako Parlamenturako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

Balorazioa

Nafarroako herritarren % 74,1ek Foru Gobernuak egindako kudeaketa begi onez ikusten du, hau da, 5 eta 10 arteko nota ematen diote, batez bestekoa 5,8an geratuta.

Nafarrek gobernuei emandako balorazioa. Irudia: EITB MEDIA

Nafarrek gobernuei emandako balorazioa. Irudia: EITB MEDIA

 

Nafarren iritzia ez dator bat inkestek iragarritako ordezkaritzarekin, PSN baita hoberen egiten ari den taldea % 15,3ren ustean, eta Navarra Sumaren kasuan, aldiz, % 2,7 baino ez dira iritzi berekoak.

EH Bildu da lan politikoaren baloraziorik altuena duen bigarren indarra, inkestan parte hartu dutenen % 12,6ren iritzian koalizio abertzalea baita hoberen egiten ari dena. Hirugarren lekuan Geroa Bai, % 7,9rekin; ondoren, UPN, % 3rekin; NA+, lehen aipatu bezala, % 2,7rekin eta, azkenik, PP, % 0,8rekin.

Maria Chivitek 5,6ko nota jaso du eta inkestan erantzuna eman duten ia guztiek (% 96,5) ezagutzen dute nor den presidente sozialista.

Maria Chiviteri emandako balorazioa. Irudia: EITB MEDIA

Maria Chiviteri emandako balorazioa. Irudia: EITB MEDIA

 

Era berean, Uxue Barkos bozeramalerekin ezagunena eta notarik altuena jaso duena da, 6,7ko notarekin. Haren ostean, Barkartxo Ruiz, bigarren, 5,1eko notarekin. Bi horiek dira 5etik gorako nota izan duten bakarrak. Sokaren beste muturrean, Javier Esparza agertzen da, bera baita baloraziorik okerrena jaso duen bozeramalea, 3,8ko notarekin.

 

Metodologia:

Ikerketa hau burutzeko erabilitako metodologia kuantitatiboa izan da, telefono bidezko elkarrizketa teknikaren bidez. Ikerketa teknika honek proposatutako helburu guztiei erantzuna ematea ahalbideratzen du eta balio eta fidagarritasun handiko emaitzak jasotzen direnez eraginkortasunez aritzeko aukera ematen digu.

Ikerketaren unibertsoa EAE eta Nafarroan bizi diren 18 urtetik gorako gizabanakoek osatzen dute; Landa-lana 2022ko maiatzaren 2tik 12ra burutu zen. Laginketa geruzatu bat burutu da, kuotekiko proportzionala den finkapenarekin; hau ere metodologia kuantitatiboa erabiliz burutu da

Fitxa teknikoa:

EAE eta Nafarroan bizi diren 2.400 pertsona (400 Gasteiz-en eta 150Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan; 400 Iruñean eta 250 Nafarroaren gainerakoan).  La= ± % 2,00, konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5, datu orokorretarako, ±% 2,34EAE-ko datuetarako, ±% 4,00 Nafarroako datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, ±% 4,00 Bizkaiko datuetarako, ±% 4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,89 Iruñeako datuetarako, ±% 4,89 Gasteizko datuetarako, ±% 4,89 Bilboko datuetarako eta ±% 4,89 Donostiako datuetarako. Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 23,0 euskaraz egin dira eta gainerako % 77,0 gazteleraz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak. Landa-lana 2022ko maiatzaren 2tik 12ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 5,42 minutukoa izan da, motzenak 4 minutu eta luzeenak 18 minutu iraun dutelarik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena