09:46

Politika

EITB FOCUS

Gehiengo osotik urrats batera geratuko litzateke EAJ Bizkaian, botoen % 45,7 eskuratuta

Iker Gonzalez | eitb media

EH Bilduk indar handiagoa hartuko luke bigarren lekuan, hautesleriaren babes zabalagoa eskuratuta. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk behera egingo lukete, EITB FOCUSen azken inkestaren arabera.

  • Foru hauteskundeei buruzko inkesta. Argazkia: EITB Media

    Foru hauteskundeei buruzko inkesta. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke hauteskundeak Bizkaian eta gehiengo osotik urrats batera geratuko litzateke, botoen % 45,7 eskuratuta (% 2,2 gehiago), orain udal eta foru hauteskundeak egingo balira, EITB FOCUS EITB Taldeak egindako hogeita zazpigarren makroinkestaren datuak begiratuta.

EITB FOCUSen inkesta berria udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean egin dute, 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko bailituzkete. Gaur, EITBk inkesta honen bigarren zatia argitaratu du eta bihar, asteazkena, Nafarroako boto asmoari buruzko datuak argitaratuko ditu.

EH Bilduk botoen % 22,2 lortuko lituzke (% 2,3 gehiago), lurraldeko bigarren lekuan indarra hartuta, eta gainerako erakundeetarako aurreikusten den joeranzko joerarekin bat eginez.

Gainerako alderdiek indarra galduko lukete Bizkaian. Hala, PSE-EE hirugarren indar bozkatuena izango litzateke, botoen % 15,1 eskuratuta (% 1,5 gutxiago); eta Elkarrekin Podemosek % 7,6, hiru puntu gutxiago.

EITB Mediaren grafikoa.

EITB Mediaren grafikoa.

Balorazioa

Aldundien eta ahaldun nagusien kudeaketari buruzko balorazioari dagokionez, Unai Rementeriak batez besteko 6ko nota jaso du, eta inkestan parte hartu duten pertsonen % 77k begi onez ikusi du aldundiak egiten duen kudeaketa.

EITB Mediaren grafikoa.

EITB Mediaren grafikoa.

Kontsulta itzazu hemen Gipuzkoako emaitzak, eta hemen, Arabakoak.

Orokorrean, % 72,1ek ontzat ematen du aldundiek egiten duten kudeaketa, 5,9ko notarekin, alegia, Jaurlaritzak jaso duen nota bera, baina azken kasu horretan herritarren % 77,4ren onespenarekin.

Jaurlaritzak batez besteko 5,9ko nota jaso du, eta % 77,4k begi onez ikusten du kudeaketa. Lurraldeka, Jaurlaritzari nota altuena eman dion lurralde historikoa Bizkaia da, 6,2ko notarekin; ondoren, Araba agertzen da, 5,8 eta, azkenik, Gipuzkoa, 5,5eko notarekin.

Azkenik, EAEKo herritarrek 5,5eko nota eman diote Espainiako Gobernuaren kudeaketari, inkestako parte hartzaileen % 57ko onespenarekin. Notarik altuena, kasu honetan ere, Bizkaian eman da, 4,9rekin; Araban, 4,6 eta Gipuzkoan, 4,3. Halere, hiru lurralde historikoetan % 50k baino gehiagok onetsi dute kudeaketa.

Metodologia

Ikerketa hau burutzeko erabilitako metodologia kuantitatiboa izan da, telefono bidezko elkarrizketa teknikaren bidez. Ikerketa teknika honek proposatutako helburu guztiei erantzuna ematea ahalbideratzen du eta balio eta fidagarritasun handiko emaitzak jasotzen direnez eraginkortasunez aritzeko aukera ematen digu.

Ikerketaren unibertsoa: EAEn bizi diren 18 urtetik gorako gizabanakoak osatzen dute; Landa-lana 2022ko maiatzaren 5etik 12ra burutu zen. Laginketa geruzatu bat burutu da, kuotekiko proportzionala den finkapenarekin hau ere metolodolgia kuantitatiboa erabiliz burutu da. 

Fitxa teknikoa

EAE-n bizi diren 1.750 pertsona (400 Gasteiz-en eta 150 Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400 Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan). La= ±% 2,34 konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5 EAE-ko datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, ±% 4,00 Bizkaiko datuetarako, ±% 4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,90 Gasteizko datuetarako, ±% 4,90 Bilboko datuetarako eta ±% 4,90 Donostiako datuetarako. Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko  lagina.

Inkesten % 26,9-a euskaraz egin dira eta gainerako % 73,1-a gazteleraz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak. Landa-lana 2022ko maiatzaren 5etik 12ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 5,31 minutukoa izan da, motzenak 4 minutu eta luzeenak 18 minutu iraun dutelarik

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena