Politika
Espioitza politikoa
Iker Gonzalez | EITB MEDIA
Pedro Sanchezek agerraldia egin du Kongresuan, 'Pegasus' programa informatikoaren bidez egindako espioitza kasuei buruz azalpenak emateko. Ziurtatu duenez, Gobernu espainiarrak ez du "CNIaren operazioei buruzko erabakirik hartu, eta ez du egingo".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak zenbait neurri iragarri ditu, 'Pegasus' espioitza sistemak eragindako krisialdiari aurre egiteko. Hiru neurri dira, zehatz-mehatz, eta, laburbilduz, CNIaren barne eta kanpo kontrola areagotu eta sekretu ofizialen legea aldatzea izango dute helburu.
Hauek dira Sanchezek aurreratu dituen neurriak:
-Informazio sailkatuari buruzko lege berria onartu, sekretu ofizialen legearen izenarekin ezagutzen dena. Lege berri horren lege zaharra, 1968. urtekoa, ordezkatuko luke.
-CNIaren kontrol judizialaren gaineko legea aldatu, Herriaren Defendatzaileak emandako aholkuei jarraituta. "Kontrol horren bermeak indartzea da xedea, pertsonen eskubide indibidualak eta politikoen erabateko errespetua ziurtatzeaz gain", azaldu du.
-"Etorkizunean segurtasuna bikoiztu eta ahalik eta gehien sendotzeko lanean eta ahaleginean jarraitu, horretarako, inteligentziari buruzko zuzentaraua 2021ean onartutako segurtasun nazionalaren estrategiak ezarri zuen esparrura egokitu nahi dugu".
DOKUMENTAZIOA: Horrelakoa da indarrean dagoen sekretu ofizialen legea
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du ostegun honetan Kongresuan, 'Pegasus' programa informatikoaren bidez egindako espioitza kasuei buruz azalpenak emateko.
Hitzaldiaren hasieran, Sanchezek PPrekin lotutako ustelkeria kasuen errepasoa egin du. Gainera, aldarrikatu du Gobernu espainiarrak beti kolaboratu duela Justiziarekin eta, "demokraziaren berritzearekiko konpromisoa" berretsi egin du.
Sanchez, hitzaldian, diputatuen aurrean. Argazkia: EFE
Sanchezen esanetan, "agerikoa da 2015 eta 2020 artean, independentziaren aldarrikapenarekin, sabotaiak, Bartzelonako suteak 2019... krisialdiak kezka handia sortu zuen segurtasun nazionalarekin lotuta". "Horregatik zerbitzuek proposatu eta epaileek neurri bereziak onartu zituzten. Gobernuak ez ditu -CNIaren- operazioei buruzko erabakiak ezagutzen, ezta hartzen ere; agian beste gobernu batzuekin gertatu izan da, baina ziurtatu egiten dut Gobernu honek ez duela egin, eta ez duela egingo".
"Ez dago ideia politikorik, Estatu mailako motibaziorik, oinarrizko eskubideak urratzea justifika dezakeenik, legetik kanpo. Edozein ekintza ilegalaren aurka agertzen naiz", adierazi du.
Gainera, presidente espainiarra kritiko agertu da Citizen Labek egindako txostenarekin; bere esanetan, txostenean bertan onartu egiten da "ezin dela ziurtasunez egotzi hackeoa entitate zehatz bati egin denik".
Oposizioa kritiko, Sanchezen azalpenekin
Aitor Esteban EAJren bozeramaleak hitzaldiaren hasieran, buruzagi independentistei egindako entzuketei esan duenez, "ez dakit zerk eragiten didan atsekabe handiagoa, jakin izana, edo ezagutu izana".
"Jakin izan bazenu, arduragabekeria irudituko litzaidake akordioa egin nahi duzun haiei espioitza egitea, boto kutxek zilegitasuna eman dietei. Zuk esan du ezetz -ez zekiela-. Jakin izan ez bazenu, CNIa politika bezalako gai delikatu bateko helburuak erabakitzeko ahalmena duen zelula autonomoa izatea oso larri da, azaleratu diren izenak ez baitira mafiako kiderenak, terroristarenak, edo gaizkileenak", esan du.
Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) baieztatu egin du CNIaren araudia berritzea kontrola areagotzeko, edo sekretu ofizialen legea aldatzea, "ondo dago, baina ez du Gobernu honen ikertzeko eta espioitza kasu honekin gertatutakoa argitzeko beharretik salbuesten".
Inteligentzia zerbitzuek onartutako entzuketen harira, Aizpuruak galdedin du zer geratzen den "baimenduta ez zeuden entzuketekin. Zuek esandakoaren arabera, ez zenituzten ezagutzen. Hori dela eta, gezurretan ari zarete, ala Gobernuaren baimenik gabe egin zituzten. Galdera egokia da, orduan, zuen erabakia izan ez bazen, nork agindu zuen? Pentsatu behar al dugu CNI Gobernuaren baimenik gabe jarduten dela? eta hori hala bada, noren aurrean erantzun behar du inteligentzia zerbitzu espainiarrek Sanchez jauna? Erantzun bat ere ez dugu jaso orain arte".
.@MertxeAizpurua: «Aumentar el control del CNI y reformar la Ley de Secretos Oficiales está bien, pero no exime al Gobierno de investigar y aclarar los casos de espionaje».
— EH Bildu (@ehbildu) May 26, 2022
¿¿ Cuanto más mantengan el manto de oscurantismo, secretismo e impunidad, mayor será el descredito. pic.twitter.com/IZIYZ1SeCo
Gabriel Rufianek (ERC) ere kritikatu du presidente espainiarrak egindako hitzaldia eta, ziurtatu duenez, "isiltasunaren legea nagusi den herrialde bat ez da herrialde bat, mafia bat baizik". "Espainian itxiaren usaina dago, eta abertzaletasun toxikoaren adierazle da", baieztatu du.
Gainera, Sanchezi eskatu dio lehenbailehen argitu dezala zein delitu egin zuen Pere Aragonesek, espioitza egiteko, eta kritikatu egin du espioitza legalaren aldeko argudioak eman eta, horrela, demokraziaren aurkako ate "arriskutsuak" irekitzea.
Cuca Gamarra PPren idazkari nagusiak Sekretu Ofizialen Batzordea biltzea eskatu du, Pedro Sanchezen telefonoan egindako "hackeoari buruzko" azalpenak eman ditzaten, bere ustean, jakin behar dutelako "espioitza horrek jarrera politikoen aldaketa lotura" ote duen, Sahararekin izandako krisialdia dela eta.
"Jarraitzen al dituzu sakelakoaren segurtasun protokoloak? berrabiarazi egiten duzu egunero, eta segurtasun aplikazioak eguneratu? Garrantzitsua da jakitea zure komunikazioetan arduraz jokatu ote duzun, zure ekintzen arinkeriek zaurgarri egiten gaituztelako, eta gainera hirugarren pertsona batzuei errua aurpegiratzen diezu", esan dio Gamarrak.
"¿Espiaron su teléfono oficial o personal? ¿Pone en peligro la seguridad de España el material sustraído? ¿Es información sensible que le pude comprometer a usted? A esta alturas, los españoles no saben si tienen un presidente libre en sus decisiones o atado".
— Grupo Popular Congreso ¿¿ (@GPPopular) May 26, 2022
¿ @cucagamarra pic.twitter.com/sUiMaMQ7lo
Bestalde, Santiago Abascal Voxeko buruaren hitzetan, Pedro Sanchezek "Estatuko tresna guztiak erabiltzen ditu bere onura pertsona eta politikoaren mesedetan", hori dela eta, laguntzeko prest dagoela esan dio PPri, Sanchezi "tarterik ez emateko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa