Itxi

Politika

Espioitza politikoa

Marlaskaren telefonoa zelatatu zutela baieztatu du Espainiako Gobernuak

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Gainera, Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek adierazi du Nekazaritza ministroaren mugikorrean infekzio-saiakera batek huts egin zuela. "Gainerako telefonoek ez dute Pegasusen arrastorik", esan du.

  • Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa artxiboko irudi batean

    Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa EFEren artxiboko irudi batean

Espainiako Gobernuak baieztatu duenez, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren telefonoa 2021eko ekainean zelatatu zuten. Gainera, Luis Planas Nekazaritza ministroaren terminalean infekzio-saiakera batek huts egin zuela nabarmendu du: "Gainerako telefonoek ez dute Pegasusen arrastorik", adierazi du.

Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Isabel Rodriguez Gobernuko bozeramaileak Zentro Kriptologiko Nazionalak ministroen mugikorrei buruz egin duen txostenaren berri eman du astearte honetan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Margarita Robles Defentsa ministroaren telefonoak ustez 'Pegasus' sistemaren bidez zelatatu zituztela jakin ostean, ministro guztien mugikorrak ikertu dituzte.

Rodriguezek ziurtatu duenez, baina, Gobernuko kideen gainerako telefonoek ez dute Pegasusen "arrastorik", eta datozen orduetan informazioa justiziaren esku jarriko dutela adierazi du.