13:57

Politika

PEGASUS auzia

Sekretu ofizialen batzordearen bilkuraren ondorengo lehen erreakzioak

EITB MEDIA

EH Bilduren ustez, azalpenak "guztiz eskasak" izan dira. Talde Sozialistak, berriz, CNIko zuzendariaren "argitasuna eta irmotasuna" goraipatu ditu.

0:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Sekretu ofizialen batzordea legegintzaldi osoan lehen aldiz bildu da gaur, eta bertan izan da Paz Esteban Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CNI) zuzendaria. Lau alderdi independentista izan dira lehen aldiz: ERC, EH Bildu, JxCAT eta CUP.

CNIko zuzendariaren agerraldiaren ostean, Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak esan duenez, "azalpenak ez dira nahikoak izan. Zalantza asko daude oraindik". Halaber, ia ezer ez dela argitu, baina ez direla harritu kritikatu du. "Ikerketa-batzordea inoiz baino beharrezkoagoa da oraindik", azaldu du. Halaber, gaineratu duenez, "oraindik gauza asko daude argitzeko", eta sarreran genituen zalantza berberekin jarraitzen dute. Beraz, "zalantza asko, eta sorpresa gutxi" izan direla adierazi du. 

Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Inteligentzia Zentro Nazionalak onartu egin du The New Yorker egunkariak argitaratutako zerrendan agertu ziren independentisten kopuru jakin bat zelatatu zutela, baina entzuketen biktima izan diren gainerako pertsonentzat, tartean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearentzat, bi errudun posible aipatu ditu: atzerriko herrialde bat edo Estatuko "estoldetako" kideak.

"Asko dago argitzeko; hori bakarrik esango dut", adierazi du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Horren ildotik, buruzagi jeltzaleak gogorarazi du ez duela inoiz hitz egin gastu erreserbatuen bileren dukiei buruz, eta oraingoan ere ez duela egingo.

Unidas Podemosek Felix Bolaños Presidentetzako ministroari eskatu dio CNI zuzendariak erakutsi duen informazioa desklasifikatzeko, politikariei espioitza egiteko Pegasus auzia "oso larria" dela iritzita. Pablo Echenique Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak azpimarratu duenez, "sartu ginena baino kezkatuago atera gara batzorde honetatik".

Bestalde, Hector Gomez Kongresuko Talde Sozialistaren bozeramaileak Paz Esteban CNIko zuzendariaren "argitasuna eta irmotasuna" goraipatu ditu, politikari independentistak legez kanpo espiatu izana ukatzeko, eta The New Yorker egunkarian argitaratutako informazioak zalantzan jarri ditu. "Oso balorazio positiboa egiten dugu, oso argi geratu da: Espainiako Gobernua legezkotasunaren esparru hertsian mugitu da", esan du ondoren emandako prentsaurreko batean.

Cuca Gamarra PPko bozeramaileak defendatu duenez, Pedro Sanchez presidenteak Kongresuan egin behar duen agerraldia "inoiz baino beharrezkoagoa" da bere telefono mugikorrari egindako espioitzari buruzko azalpen guztiak emateko eta Pegasusekin Espainiako Gobernuko beste kide batzuk kutsatu diren jakiteko.

Bestalde, Ivan Espinosa Voxen bozeramaileak konfiantza osoa agertu du Inteligentzia Zentro Nazionaleko zuzendariarengan, eta esan du espero duela ez bihurtzea espioitza politikoen "errudun edo bekatari".

Esteban Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Margarita Robles Defentsa ministroari eta hirurogei politikari independentista baino gehiagori Pegasus sistemaren bidez egindako espioitza telefonikoaren berri ematera joan da.

Kongresuko Bozeramaileen Batzordea bildu ohi den Mariana Pineda aretoan egin den bilera ikusminez inguratuta eta segurtasun-neurri handiekin egin da; izan ere, diputatuek sekreturik ez azaltzeko konpromisoa dute, eta sartu aurretik telefono mugikorrak kanpoan utzi behar izan dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena