15:48

Politika

Espioitza politikoa

Robles, Pegasus auziaz: "Delituzko ekintzen aurrean, Justiziak soilik du erantzukizunak ezartzeko eskumena"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Defentsa ministroak salatu duenez, "oso erraza da gauzak leporatzea bere burua defendatu ezin duen CNIren aurka". EH Bilduk, EAJk, Kataluniako taldeek eta Unidas Podemosek kontuak eskatu dizkiote Roblesi "eskandalu politikoaren" aurrean.

01:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak esan du "bereziki harro" dagoela CNIren arduradunekin, eta Pegasus auzia espresuki aipatu ez badu ere, honakoa erantsi du: "Delituzko ekintzak daudenean, ezin gara isildu eta ezin dira saihestu, auzitegietara jo behar da". Ministroaren ustez, eurei bakarrik dagokie, "Zuzenbideari jarraiki, erantzukizunak ezartzea".

Roblesek agerraldia egin du gaur Diputatuen Kongresuko Defentsa Batzordean, Pegasus auziaren polemika betean. The Citizen Lab ikerketa zentroak egindako txostenak azalarazi zuen kasua: Kataluniako eta Euskal Herriko 65 buruzagi independentista zelatatu zituzten Israelgo enpresa baten programa batekin. Joan den astean jakin zenez, gainera, Sanchez presidentearen eta Robles ministroaren sakelakoak ere zelatatu zituzten.

Roblesen agerraldia aurretik zegoen hitzartuta, eta berez, beste gai baten inguruan (Europar Batasuneko Iparrorratz Estrategikoa) azalpenak emateko zen. Dena dela, eta batez ere talde parlamentarioen galderei emandako erantzunekin, espioitza politikoaren eskandalua izan da hizpide nagusi.

Ministroak ohartarazi duenez, "ez dugu onartuko inork, frogarik gabe, autoretza ezagun edo ezezagunak leporatzea". Era berean, herritarrei "konfiantza" izateko eskatu die, Espainiako Gobernuak "erabateko gardentasunez" jokatuko duela.

Talde parlamentarioen galderak erantzuteko bigarrenez hitza hartu duenean, ministroak esan du ez dutela onartuko "laborategi batek esatea pertsona batzuk Pegasusekin zelatatu" dituztela eta "burutapenak" baino ez direla azpimarratu du. Salatu duenez, "oso erraza eta erosoa da errealitatearekin zerikusirik ez duten gauzak leporatzea bere burua defendatu ezin duen CNIren aurka" (sekretua gorde behar du legez erakundeak). Iragarri duenez, CNIren zuzendariak bihar emango ditu azalpen guztiak sekretu ofizialen batzordean, eta kritikatu du "orain arte estoikoki jasan dituela egotzitako guztiak".

"Nik ez dut espekulaziorik egin, ezta egingo ere" ihardetsi du erantzukizunak ezartzeko eskaerei buruz. Entzuketa batzuk legez kontrakoak (epaileen baimenik gabe egindakoak) izan daitezkeela eta, nabarmendu du horiek ez direla "eskandalu politikoa, delitu baizik". Hala, espero du auzitegiek "azkeneraino ikertzea" eta horretarako Espainiako Gobernua lagun izango dutela zehaztu du.

Halaber, Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileari erantzunez, gogorarazi dio koalizioa gobernuaren parte dela, eta beraz, CNIren txostenak eskura dituela, eta bere jardunean egoki ikusten ez duten zerbait badago kontuak eska ditzakeela.

Azalpenok testuinguru zehatzean emango ditu ministroak. PSOEk, PPk, Cs-k eta Voxek ezezkoa eman zioten atzo Kongresuan ikerketa batzordea sortzeari, eta beraz, auziaren inguruko argibideak publiko egiteari. Dena dela, Pedro Sanchez presidenteak agerraldia egin beharko du (oraindik ez dute data zehaztu). Bihar Paz Esteban CNIko zuzendariak du hitzordua Kongresuko sekretu ofizialen batzordean, baina komisio hori sekretua da, eta taldeek ezin dituzte publiko egin bertan esaten direnak.

Defentsa Batzordea, gaur goizean.

Defentsa Batzordea, gaur goizean. Argazkia: EFE

CUPeko diputatuari kargu hartu dio Batzordeko presidenteak

Espero zen bezala, Pegasus auziaren inguruan galdetu diote ia talde gehienek —Cs, PP, PSOE eta Vox alderdiek gaia saihestu dute— eta CNI Espainiako Inteligentzia Zentroaren jardunari buruzko argibideak eskatu dizkiote Roblesi.

Hain justu, Mireia Vehi CUPeko diputatuak, hitza hartzen lehenak, auzia hartu du ahotan eta Espainiako Gobernuak izandako "jarrera nahasia" salatu. Espioitza ikertuko duen eta erantzukizunak bere gain hartuko ote dituen galdetu dio ministroari. Une horretan, Jose Antonio Bermudez de Castro (PP) Defentsa Batzordeko presidenteak kargu hartu dio eskatzeko EBko Iparrorratz Estrategikoari buruz bakarrik galdetzeko. Vehik erantzun du, ironiaz, saiatuko dela "debekatutako hitza" ez aipatzen".

Jon Iñarritu EH Bilduren diputatuaren ustez, "oso larria da" Robles eta Sanchez zelatatuak egon izana, baina ministroari galdetu dio "espioitza kasu guztiak ikertzeko prest" ote dauden. Buruzagi subiranistaren arabera, "kasu guztiak dira larriak, eta salatu beharrekoak. Espioitza pairatu duten pertsona guztiei elkartasuna erakutsi behar zaie". Horren ildoan, Espainiako Gobernuak bi aurpegi dituela salatu du, Kataluniako zein EH Bilduko buruzagiei egindako espioitza eta Sanchez eta Roblesi egindakoa bereizita. Azkenik, aitortu duenez, "faltan dut Estatuko estolden zartailua zen Robles hura".

Bigarren txanda batean, Iñarrituk azaldu du Robles espioitza nork egin duen argitu behar duela, eta hiru aukera aipatu ditu: "Estatua bera, Zuzenbide Estatua ala Estatuko estoldak, aurrez gertatu den bezala". Era berean, legez kanpoko ziberespioitza "kezka" eragiten ez ote dion galdetu dio Roblesi.

Joseba Agirretxea EAJren ordezkariak "EBko Iparrorratz Estrategiaren garrantzia" nabarmendu du, murrika, gaurko agerraldian "Defentsakoak ez diren hiru bozeramaile eta Estatu idazkari bat" egon direlako. Buruzagi jeltzaleak ohartarazi duenez, ez dute "onartuko" Espainiako Gobernuak "goi mailako eskandalu politiko" honen aurrean ezikusiarena egitea, eta "berehalako argibideak" galdegin ditu.

Agirretxeak bigarrenez hartu du hitza, eta irmo mintzatu da: "Delitu bat delitu bat da, berdin dio Putinek, Marorok ala CNIk egin. Legez kontrako entzuketak delitu dira, eta hori da ikertu behar dena". Ildo horretan, ikerketa batzordearen kontra egitea "koldarra" izan zela salatu du EAJko kideak.

Montserrat Bassa ERCko kidearen arabera, "larrialdi demokratiko argian" dago Espainia eta, beste behin, Roblesen dimisioa eskatu du, "baita dimisio eta kargugabetze sorta bat ere". Bassak azpimarratu duenez, Kataluniako independentismoa "ezin da garaitu espioitzarekin" eta honakoa gaineratu du: "Aragonesek pentsatzen duena jakin nahi baduzue, jesar zaitezte berarekin negoziazio mahaian".

Unidas Podemosen izenean mintzatu den Pablo Echeniquek uste du Pegasus auzia azken urteotako "eskandalurik handiena da", eta egoera "jasangaitza" da. Koalizio morearen bozeramailearen iritzian, bi autoretza posible daude espioitza kasuetan: atzerriko agenteak izan dira edo CNIren "talde deskontrolatu" bat izan da. Bata izan ala bestea, "goi mailako erantzukizun politikoak" galdegin ditu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena