Itxi

Politika

Espioitza politikoa

PSOEk, PPk, Voxek eta Cs-ek galarazi egin dute ikerketa batzordea, baina Sanchezek agerraldia egin beharko du

I. G. | eitb media

Aizpuruak "ardura ez saihestea" eskatu dio Sanchezi, eta Estebanek berretsi egin du independentistei egindako espioitza argitu egin behar dela. Rufianek ohartarazi duenez, honek "legealdia bertan behera utz lezake".

01:29
Pedro Sanchez bere mugikorrarekin. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

PSOE, PP, Vox eta Ciudadanosen talde parlamentarioek uko egin diote, Kongresuko Bozeramaleen Batzordean emandako botoekin, politikari independentistei ustez egindako espioitza argitzeko ikerketa batzordea eratzeari, Unidas Podemosek eta Gobernu espainiarraren kide parlamentarioek eskatu bezala.

Halere, bilera berean, alderdi independentistek, Mas Pais eta Compromisekin batera, Pedro Sanchez Gobernu espainiarraren presidentea osoko bilkuran agertzeko eskaera onartu dute eta, hori dela eta, azalpenak eman beharko ditu espioitzaren auziari buruzko azalpenak emateko. Eskari horren kasuan, PSOEk eta Unidas Podemosek elkarrekin bozkatu duten arren, ezin izan dute Sanchezen agerraldia saihestu, PPk aldeko botoa eman duelako. Data zehaztu gabe dago, baina PSOEk esan du hobe dela lehenago CNIren eta Defentsa ministroaren azalpenak entzutea.

Taldeek batzordea eratzeko eskaeraren aurka bozkatu ondoren, Pablo Echeniquek adierazi du oker jokatu dutela aurkako botoa emanda, eta, horrela, 60 politikari independentista eta abertzale baino gehiagori -kataluniarrak euskal herritarrak- eta ustez egindako espioitza argitzeko aukerari atea ixten diotela.  

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaleak "ardura ez saihestea" eskatu dio Sanchezen Gobernuari, eta bide guztiak baliatu ditzala, besteak beste, Kongresuan ikerketa batzorde publikoa eratzea.

Aizpuruak prentsaurrekoan esan duenez, espioitza epailearen baimenik gabe egin bada, Espainiako Gobernua "erantzulea da, egitez edo ez-egitez, Estatuko estoldak kontrolpean ez izatearren".

Bestalde, Aitor Esteban EAJren bozeramalearen hitzetan, Sanchez eta Roblesen telefonoetan eraso informatikoak egin izanak ez du independentistei egindako espioitza ikerketa batzorde baten bidez ikertzeko beharra "arintzen edo estaltzen".

"Gauza batek ezin du bestea estali, eta dena ikertu behar da", azpimarratu du Estebanek Kongresuko prentsa-aretoan emandako prentsaurrekoan. Gainera, ikerketa batzordeari uko eginez, "erabat oker" jokatzen ari direla esan die Estebanek sozialistei, hori baita, hain zuzen, "egin behar dena", eta ez erreserbatutako gastuei buruzko batzordea, "konfiantza erabat hautsi delako". 

Gabriel Rufian ERCren bozeramaleak berriz ere ohartarazi du espioitza auzia "legealdia bertan behera utz dezakeen tamaina handiko eskandalua" dela.

Rufianek ziurtatu duenez, koalizio Gobernuak "ez dauka sinesgarritasunik" eta emandako azalpenak "penagarriak" izan dira, duela bost egun ukatzen baitzuten politikari independentistei espioitza egin izana, eta orain "ustezko errudun izatetik biktima izatera pasa baitira".

"Ez dakite boto horren ondorioak nolakoak izan daitezkeen, hau ez da estaliko, eta legealdia bertan behera utz lezake -berretsi du-. Ez da mehatxua ezta ohartarazpena ere, informazio hutsa da, ez da iritzia".