12:47

Politika

Espioitza politikoa

Zupiria: "Guk dakigula, ez da lehendakariaren eta sailburuen kontrako erasorik izan"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Jaurlaritzako eledunak adierazi du ez dutela "neurri berezirik" hartu Sanchez presidentea eta Robles ministroa Pegasus programarekin zelatatu dituztela jakin ostean. Zupiriaren ustez, "behar-beharrezkoa" da auzia "lehenbailehen" argitzea, "osasun demokratikoagatik".

0:51
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, "guk dakigula, ez da lehendakariaren eta sailburuen kontrako erasorik izan". Jaurlaritzako kideak ere espioitza politikoaren jomuga izan diren galdetu diotenean egin ditu adierazpenok Zupiriak. Izan ere, atzo jakinarazi zutenez, Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Margarita Robles Defentsa ministroa Pegasus programarekin zelatatu zituzten.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan auziari buruz itaundu diote Jaurlaritzako eledunari, eta horrek lehendakariaren hitzak hartu ditu gogoan —"oso larritzat" jo zuen Urkulluk—. Dena dela, argitu du azken kasuen harira, Jaurlaritzak ez duela "neurri berezirik" hartu eta "ohiko moduan" jarraitzen duela, "tarteka", EJIDEk, Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak, egiten dituen komunikazioen azterketak egiten.

Bozeramailearen hitzetan, azken informazioek "ez dituzte gauzak leundu, alderantziz, larriagotu egin dituzte" eta, hartara, Jaurlaritzarentzat "behar-beharrezkoa da lehenbailehen Espainiako Gobernuak argi eta garbi adieraztea eta behar diren ikerketak egitea jakiteko Estatuko segurtasun zerbitzuen eskutik espioitzarik izan den edo ez beste buruzagi politikoen eta erakundeen inguruan". Jaurlaritzak uste du hori guztia "osasun demokratikoagatik" egin behar dela.

Era berean, Zupiriak eskatu du "baliabide guztiak erabiltzea eta argitzea itxuraz pertsonen komunikazio eskubideen eta pribazitatearen kontra egon diren eraso hauek" gertatu ote diren argitzea.

"Kezkaz ikusten dugu gai honen inguruan Estatu espainiarraren izen ona auzitan jarri dela bai Europa mailan eta nazioartean" nabarmendu du, eta erantsi Espainiako Gobernuaren erantzuna "lehenbailehen eta modu eraginkorrean" etorri behar dela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena