Politika
Presoak
Iker Rincon | EITB MEDIA
Besteak beste, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza, Dupla, Rotten XIII eta Trikidantzak arituko dira. Horrekin, herritarren sareak amaitutzat emango du euskal presoen hurbilketa bultzatzeko abiatutako Izan Bidea dinamika.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, Illunbeko kanpoaldean. Argazkia: Sare.
Albisteak (3)
Sare herritarra plataformak euskal presoen eskubideen aldeko musika jaialdia antolatu du urriaren 8rako Illunben, Donostian. Halaber, "Etxera bidea gertu" lelopean, bizikidetzaren aldeko apustu irmoa egin nahi du ekimen horrekin, eta, besteak beste, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza, Dupla, Rotten XIII eta Trikidantzak taldeek parte hartuko dute egitasmoan.
Gipuzkoako hiriburuan emandako prentsaurrekoan, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek gogoratu dute azken bi urteotan, covid-19aren pandemiaren eraginez, ezinezkoa izan dutela "mobilizazio handiak" egitea, osasun eta segurtasun arrazoiengatik. Ildo horretan, gogoratu dute orain bi urte erronka bat ezarri zutela, 3.127.326 kilometro egitea, "hau da, Euskal Herrian dauden biztanle beste", eta balioan jarri dituzte Sareko jarraitzaileek egindako lana, "hamaika modutan" egin baitituzte ibilbideak erronka hori betetzeko.
Sareko bozeramaileek euskal presoen kolektiboari aplikatzen zaion salbuespenezko espetxe politika salatu dute, eta jendeari dei egin diote Izan Bidea ekimenean parte hartzen jarraitzeko: "Urriaren 8ra arte ibiliz, hiru milioi kilometro baino gehiagora iristeko eta urruntze politikaren amaiera eskatzen jarraitzeko".
Azkarragak adierazi du oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta gogoratu du oraindik 90 preso baino gehiago daudela etxetik urrun, Espainiako zein Frantziako kartzeletan, eta askori ukatu egiten zaiela espetxe-baimenak izateko eskubidea.
Bozeramaileak, halaber, azpimarratu du salbuespeneko espetxe-politikak euskal presoei aplikatzeko "araua" izaten jarraitzen duela, eta horregatik Sarek euskal gizartea mobilizatzen jarraitzen duela, erakundeetan ere egoera horren amaiera eskatuta.
Bizikidetzaren aldeko apustua
Sarek berretsi du urriaren 8an elkarbizitzaren aldeko apustu irmoa egingo dutela Donostian, "Etxera bidea gertu" lelopean. Horretarako, mobilizazio handia egingo dute Boulevardetik abiatuta, 11:00etan, Izan Bidea ekimenaren azken kilometroak egiteko. Ondoren, "manifestazio koloretsua" egingo dute 12:00etan, Pio XII plazatik hasita.
Mobilizazioaren amaieran, ekitaldi xume bat egingo dute Illunbeko kanpoaldean, eta komunikatuaren ondoren, 15:30ean hasiko den musika jaialdirako barrak irekiko dituzte. Haurrentzako jarduerak ere izango dira, baita janari eta edari postuak ere; "azken finean, egun borobila izatea nahi dugu, aldarrikapen- eta festa-eguna. Bateragarriak baitira".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa