Politika
Hezkuntza
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
PSNren eta Navarra Sumaren botoekin onartu dute legea. NA+ koalizioak lege proposamenari egindako hainbat zuzenketa onartu dituzte sozialistek, programa hizkuntza eredu bilakatzeko "beharrezko urratsak emateko". Gainerako taldeek kontra bozkatu dute.
Nafarroako Parlamentua, PSNren eta Navarra Sumaren (Na+) aldeko botoekin, PAI ingelesezko irakaskuntza programa hizkuntza eredu bihurtzeko eta euskarazko D ereduaren pareko izateko "eman beharreko pausoak" egitearen alde agertu da gaur.
Sozialistek aurkeztutako PAI programa blindatzeko lege proposamena eztabaidatu dute gaur ganberan, eta Navarra Suma koalizioak testuari egindako hainbat zuzenketa erantsita, legea onartu dute bi taldeek.
Araudiaren arabera, PAI lanpostuetara aurkezten diren irakasleek ingelesezko C1 hizkuntza eskakizuna eduki beharko dute, nahitaez. Horrez gain, Na+ koalizioak eskatuta, plazak finkatu ondoren, ezin izango dira gaztelaniazkoengatik edo euskarazkoengatik aldatu. Era berean, "beharrezko urratsak emango dira" programa hizkuntza eredu bihurtzeko, eta eredu ez den bitartean, Nafarroako herri guztietako ikasleei bermatuko zaie programa hori "Nafarroako hezkuntza-sistemako ereduetako ikasleen baldintza berberetan" egiteko aukera. Praktikan, garraioa eta jantokia ordaintzeko aukera emango du jatorrizko herrian horrelako ikastetxerik ez dagoenean.
Hiruko gobernuaren baitan irekitako arrakalaren erakusle ere izan da gaurko osoko bilkura, Geroa Baik eta Nafarroako Ahal Duguk kontra bozkatu dutelako. Modu bertsuan egin dute Izquierda-Ezkerra (I-E) eta EH Bilduk ere. Lauren hitzetan, onartutako arauak ez du segurtasun juridikorik eta ezberdintasunak eragingo ditu irakasleen artean.
PSN eta Navarra Suma, eskutik helduta
Proposamena defendatzeko egindako agerraldian, Inmaculada Jurio PSNren bozeramaileak gogorarazi du PAI programan aritzen diren irakasleen % 70 behin-behinekoak direla Estatuko araudiak ez duelako baimentzen ingelesa derrigorrezko hizkuntza eskakizun gisa eskatzen. Horri kontrajarriz, Europak langile publikoen behin-behinekotasuna murrizteko eskatu du eta 2021eko 'Iceta legea'k egonkortzeko prozesuan euskara edo gazteleraz bakarrik eskatzea aurreikusten du.
Azaldu duenez, sozialistek auzia konpontzeko hainbat modu aztertu zituzten baina "epeak estututa—asko jota, ekainaren 1erako iragarri behar dute lan eskaintza publikoa— Nafarroak berezkoa duen eskumena baliatzea erabaki zuten, enpleguaren prekarietatearekin amaitzeko eta Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko".
Araua onartu ostean kaleratutako ohar batean, PSNk "lorpen" gisa jo du legea eta oposizioaren eta gobernuko bazkideen jarrera kritikatu du, "funtzionarioen lanpostuak egonkortzearen kontra" azaltzeagatik. "Gure bazkideak konplexuekin ari dira, eta inoiz ez bezala, Estatuko araudira mugatzen".
Harago jo du Pedro Gonzalez Navarra Sumako parlamentariak eta aurrez aurre jarri ditu PAI programa D eredua: "Zuon arabera, PAI programa ezin da blindatu segregatzen duelako, baina azken 30 urteotan Nafarroa bereizi duen eredu bakarra D eredua da".
Geroa Bai, EH Bildu, Nafarroako Ahal Dugu eta I-E indarrek gogor kritikatu dute legea. Maria Solana Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, hiruko gobernuaren akordioa programatikoak "ez du halakorik jasotzen" eta, gainera, "zaila da legeak bidea egitea inpugnatua izan gabe". Horren ustez, badaude beste modu batzuk irakasle horien lanpostuak egonkortzeko. Gainera, ohartarazi du, behin-behineko irakasleen % 10 baino ez direla PAIkoak.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) ekimenaren segurtasun juridikoa bermatzen duten txostenak falta direla nabarmendu du, eta galdera bota: "Dimisiorik egongo da Nafarroako Kontseiluak kontrako txostena kaleratzen duenean?". Ruizen aburuz, lege proposamena "PAI irakasleen lan baldintzekin zerikusirik ez duen erabaki politikoa da".
Ainhoa Aznarez Nafarroako Ahal Duguren ordezkariak esan du ezkerreko koalizioa hizkuntza aniztasunaren eta egonkortzearen alde dagoela, baina ekimena aurrera eramateko erabilitako moduak eta edukia kritikatu ditu. Argudiatu duenez, sindikatuekin negoziatu beharra zegoen eta ingelesezko C1 eskatzea "Konstituzioaren kontrakoa" izan daiteke. Salatu duenez, irakasleen artean ezberdintasunak sortuko ditu legeak.
Izquierda-Ezkerraren izenean Marisa de Simonek salatu duenez, legeak "funtzio publikora sartzeko sistema paralelo bati atera zabaldu dio. Ausarkeria da, zuloa egingo du hezkuntza publikoan". Horren ustez, PSNk akordio programatikoa "urratu" du, eta ingelesa "beste guztiaren gainetik" jarri dutela kritikatu du.
Sindikatuak ere, kontra
Nafarroako hezkuntza sisteman gehiengoa duten sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) elkarretaratzea egin dute Parlamentuko atarian legea errefusatzeko, duen "segurtasun juridiko ezagatik" eta sortu duen "diskriminazioagatik, atzerriko hizkuntza eskakizuna Estatuko hizkuntza ofizialen gainetik jarriko delako". Hala, iragarri dute Estatuko Abokatutzara jotzekotan daudela legeari errekurtsoa aurkez diezaion.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa