Politika
Legegintzaldiaren amaiera
Erredakzioa
EAEko PPren buruak PSE-EErekin duten ituna amaitutzat jo eta hauteskundeak aurreratzea eskatu bezain laster hasi dira euskal alderdien erantzunak.
Patxi Zabaleta, Aralar. EFE
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bere "ezustea" adierazi du, asteburuan egunkari bati eskainitako elkarrizketa batean, "Basagoiti legealdia agortzearen alde agertu baitzen".
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak " PPk ituna amaitutzat ematen duela" dirudiela adierazi du.
Celaa horrela mintzatu da Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak iragarritakoaren inguruan galdetuta. Patxi Lopezek gobernatzen jarraitzeak egunetik egunera "logika gutxiago" duela adierazi du Basagoitik eta, hori dela eta, hauteskundeak aurreratzea eskatu du. hezkuntza sailburuak Patxi Lopez lehendakariak Jaularitzaren astearteroko Gobernu bileraren ostean agerraldia egingo duela adierazi du.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak legegiltzaldia bukatzera bultzatu du lehendaria.
Bestalde, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan du EAEko PPko presidenteak hartutako "edozein erabakiri edo eskaerari" babesa emango liokeela. "Euskadiko PPko gure kideek badakite zeintzuk diren hartu beharreko erabakiak eta, ondorioz, presidenteak hartutako edozein erabaki edo eskaera babestu egingo dugu", azaldu du.
Arantza Quiroga EAEko PPren idazkari nagusiak bere alderdiaren eta PSE-EEren itunari erreferentzia eginez, "proiektu batek aurrera jarraitu ezin duenean, zintzoena herritarrek euren iritzia ematea" dela adierazi du.
Quirogaren iritziz, sozialistekin izandako akordioa "positiboa izan da" bi alderdiek "euskal abertzaletasunaren aurrean ekimen alternatiboak" bultzatu dituztelako, baina une honetan "euskaldunen interesak ez dira Jaurlaritza honen lehentasuna", adierazi du.
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak, berriz, PSE-PP itunaren alde egin du, Antonio Basagoiti Euskadiko PPren buruaren iritziaren aurka. Marotoren hitzetan, itun horrek "onura" asko ekarri dizkio Arabako hiriburuari.
Basagoitiren hitzei "alkate" moduan erantzun die Marotok. Legealdia agortzearen alde agertu da, PSE-PP itunak Gasteizera "inbertsio asko" eraman dituela argudiatuz.
Aralarrek Basagoitiren hitzak "pauso positibo gisa" jo ditu eta PSEren Exekutiboak "euskal gizarteak dituen beharrei erantzuteko legitimitaterik eta gaitasunik ez" duela adierazi du.
Alderdiak kaleratutako prentsa oharrean PPren pausoa "baikorra" izan arren, PSErekin akordioa hausteko Basagoitik emandako arrazoiekin bat ez datorrela azpimarratu du. "Sozialistekin duen akordioak hauteskundeetarako inolako ekarpenik ez diolako egiten nahi du PPk hauteskundeak aurreratzea", erantsi du, "Begi bistakoa da lehendakariak oposizioa egin nahi diola Madrilgo Gobernuari, eta horrek Basagoiti hasarrerazten du".
Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari orokorraren hitzetan, PPren iragarpena "aurreikusteko moduko zerbait zen", aspalditik PPren eta PSEren arteko ezberdintasunak "gero eta handiagoak baitziren".
Sozialisten eta popularrean artean "egitasmo politikorik" ez dagoela azpimarratu du eta, ondorioz, Basagoitiren iragarpena "zentzuzkoa" dela azpimarratu du. "Komunean gauza bakarra dute: abertzaleak haien arerio politikoak dira".
Mikel Arana Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak, bestalde, hauteskundeak "urria edo azaroa baino lehen" izango diren "zalantza"duela adierazi du, baina dena dela, "ongi etorriak" izango direla argitu du, horrek "PSE-PP Gobernuaren beste sei hilabete aurreztea esan nahi badu".
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen arabera, Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak hauteskundeak aurreratzea eskatuz eta Patxi Lopezen Gobernuari babesa kenduz egindako adierazpenak "jarrera hutsa" direla adierazi du, izan ere, bere ustez, "eskuak gurutzatuta izatetik hauteskundeak aurreratzea eskatzeko eskua altxatzera pasatu" dira.
Halaber, PSEren eta PPren itunaren hiru urteetako balantzea "hutsaren hutsa" izan dela esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa