Itxi

Politika

Legegintzaldiaren amaiera

EAEko hauteskundeak aurreratzea eskatuko dio Basagoitik lehendakariari

Erredakzioa

Orain hiru urte PSE-EErekin sinatu zuten akordioa amaitu egin dela adierazi du Basagoitik, eta, ondorioz, lehendakariarekin bilduko da, hauteskundeak aurreratzeaz hitz egiteko. Urrirako nahi ditu.

02:40
PSE-EErekin sinatutako akordioa bukatutzat eman du Basagoitik

Gobernua "agortuta" dagoela esan du Antonio Basagotik; hortaz, PSEk "gobernatzen jarraitzea zentzugabea da", EAEko PPko presidentearen ustez. Hori dela eta, hauteskunde autonomikoak aurreratu beharraz hitz egin du.

Punto Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean, azken asteetan lehendakariak PPrentzat "onartezinak diren gauzak" proposatu dituela esan du, besteak beste, Rajoyren Gobernuaren murrizketen aurka Konstituzionalera jotzea. Gainera, "ezker abertzalearen aurrean irmotasuna falta zaio", esan du.

Horregatik, Basagoitirentzat "ez da normala PSEk babesa ematen dionaren aurkako ekimenak aurkeztea" eta orain hiru urte sinatu zuten akordioa bukatutzat ematen duela gaineratu du.

Patxi Lopez lehendakariarekin bilduko da datozen egunetan, hauteskundeak aurreratzeko aukeraz hitz egiteko, baina ordura arte bere alderdiak Jaurlaritzarekin "arduratsu" izaten jarraituko duela nabarmendu du.

Hauteskundeak aurreratzeko aukera ez du "bozetan" pentsatzen egin, herrialdearen onuran pentsatzen baizik, "Euskadi bide berri batean hasi dadin", adierazi du.

PSE-PP akordioa mugarri bat izan zela azaldu du, "euskal gizartearen haserrealdia eta ETA amaiarazi dituelako", baina akordioa inoiz erraza izan ez dela aitortu du. "Patxi Lopez kanpaina egiten ari da eta PPk gero eta gauza gutxiago konpartitzen ditu lehendakariaren Gobernuarekin.

Basagoitik azaldu duenez, Mariano Rajoyk oraindik ez du erabaki honen berri, baina beti PPko euskal buruzagiek egiten dutenaren alde egiten duela ziurtatu du.

"PSEk guretzat onartezinak diren gauzak proposatzen ditu eta beste aro batera pasatzeko unea iritsi da", azpimarratu du. Horrenbestez, datozen egunetan lehendakariarekin bilduko dela iragarri du, legegintzaldiaren amaieraz hitz egiteko.

Azkenik, "EAJren eta ezker abertzalearen arteko batasunagatik" kezkatuta azaldu da, "euren proiektu politikoek Euskadi Espainiatik aldentzeko nahian bat egiten dutelako".

PPK haustura egiaztatu du

Carlos Floriano PPko Antolakuntza eta Hauteskunde idazkariordeak lehendakariari eskainitako laguntzaren haustura egiaztatu du, PSEk azken boladan hartu duen deriba nazionalistagatik eta gobernatzea erabakitzea baino, oposizioa egitea erabaki izanagatik.

Florianoren hitzetan, "ez du inolako zentzurik" Patxi Lopez lehendakaria izaten jarraitzea; izan ere, "euskaldunen interesak babestu ordez, oposizioa egitea eta PSOEren aginduak betetzea nahiago du".

"Lehendakariak gobernatu behar du, eta ez da bere alderdiaren agindu nazionalen menpe izan behar", esan du Florianok. Ildo horretan, PPko agintariak lehendakariaren deriba nazionalista gaitzetsi du, eta PPrekin adostutakoaren kontra lan egitea leporatu dio.

Urrirako deitu nahi ditu hauteskundeak

Hauteskundeen aurrerapena mahai gainean jartzeaz gain, data ere jarri die Basagoitik. 'El Confidencial' egunkariak kaleratutako elkarrizketa batean, Euskadiko PPko buruak esan du urrian izan litezkeela. ''Patxi Lopezekin bildu eta gaiaz hitz egin nahi dut. Zentsurik ez daukana da otsailerako edo martxorako deitzea; baina, bai urrirako... udazkenerako. Bukaera ordenatu bat nahi dut'', esan du.