Politika
Espioitza politikoa
Marlaskak ziurtatu duenez, Barne Ministerioak "ez du sekula" Pegasus softwarea erosi
Agentziak | EiTB Media
Gainera, Pegasusen enpresarekin sekula ez dutela negoziatu esan du Barne ministroak.
-
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Ribeiran (Coruña). Argazkia: EFE
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Ribeiran (Coruña) ziurtatu duenez, Ministerioak "ez du erosi" Pegasus, Estatuak 60 buruzagi independentista baino gehiago zelatatzeko ustez erabilitako softwarea. Gainera, Pegasusen enpresarekin sekula ez dutela negoziatu esan du Barne ministroak.
Ribeira Espainiako Poliziaren komisaria bat inauguratzeko ekitaldian egin ditu adierazpenak. Era berean, Jose Miñones Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariak, Fabiola Garcia Gizarte Politikarako kontseilariak eta Manuel Ruiz Rivas herriko alkateak parte hartu dute inaugurazioan.
Pegasus programarekin egindako espioitzari dagokionez, Espainia Zuzenbidezko Estatua dela errepikatu du Marlaskak, non legea aplikatzen da. Barne ministroaren ahotan, Gobernua "ordenamendu juridikoaren menpe dago bere ekintza guztietan".
"Herritarrek ez dute zalantza izpirik izan behar; legea zorrotz betetzea eta errespetatzea gure DNAren parte da", defendatu du ministroak.
Bestalde, balizko ikerketa batzordeei buruz, Espainiako Gobernuari erabakitzea ez dagokiola gogorarazi du. "Eskumena duenak erabaki beharko du", adierazi du.
Era berean, Kongresuan agerraldiak egiteko eskakizunen inguruan, "mahaiak edo eskumena duen organoak" erabaki beharko duela azaldu du Barne ministroak, baina, hala eta guztiz ere, "eskatzen zaionean" Exekutiboak "azalpenak eman behar ditu herriko ordezkarien aurrean".