Politika
ESPIOITZA POLITIKOA
Aragonesek ohartarazi du Espainiako Gobernua eror daitekeela Pegasus auziagatik erantzun egokia ematen ez badu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Generalitateko presidentearen arabera, Europako beste herrialde batzuetan, horrelako espioitza politiko kasu batek, gobernuko hainbat kideren kargugabetzea ez ezik, gobernu osoa erortzea eragingo zukeen. Gainera, Espainiako Defentsa ministroaren adierazpenak ez direla nahikoak azpimarratu du.
-
Pere Aragones Generalitateko presidentea Diputatuen Kongresuaren kanpoaldean. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuaren etorkizuna kolokan dagoela eta "erori" ere egin daitekeela ohartarazi du Pere Aragones Generalitateko presidenteak, baldin eta Pegasus programarekin egindako espioitza politikoagatik "azalpen egokirik" ematen ez badu.
"Gure inguruko Europako gobernuetan horrelako kasu batek gobernuko kide batzuen kargugabetzea eta, erantzun argirik ezean, gobernu osoa erortzea eragingo luke", adierazi du bart Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketan.
Aragonesen iritziz, ez dira nahikoak Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak gaiaren inguruan egindako adierazpenak, eta gaineratu du horren agerraldia aurreikusita zegoela beste gai batzuengatik erantzuteko.
Generalitateko presidentearen arabera, Espainiako Gobernuak "itzalaldi informatiboa" ezarri du gai horren inguruan. Halaber, esan du oraingoz ez duela informaziorik Espainiako Gobernua horren jakitun zen ala ez adierazteko.
Kataluniako independentismoak alde bakarreko bidea har ote dezakeen galdetuta, honakoa erantzun du: "Erabat konprometituta gaude negoziazio politikoko prozesu batekin, eta Kataluniako Gobernuaren eta nire alderdiaren izenean hitz egiten ari naiz". Dena dela, negoziaziorako gutxieneko konfiantza bat behar dela gehitu du.