Politika
Apirilak 17
eitb media
EAJk erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du Bilbon egingo duen ekitaldian. EH Bildu Iruñean elkartuko da "bakearen, demokraziaren eta subiranotasunaren" alde egiteko, eta EH Baik Azkainen bilduko ditu jarraitzaileak.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
Alderdi abertzaleek aldarrikapen nazional historikoak berretsiko dituzte 2022ko Aberri Egunean, bi urtez, pandemia dela eta, ospakizun handirik egin gabe egon ostean.
EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatuko du Aberri Eguna. 11:30ean izango da ekitaldi nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakariak zein Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak bertan parte hartzeko deia egin dute.
EH Bilduk Iruñea aukeratu du berriz ere Aberri Eguna ospatzeko eta kutsu kataluniar nabarmena izango du ospakizunak bertan izango baitira ERC, CUP, Junts per Cat eta Valentziako eta Balearretako beste alderdi independentistetako ordezkariak. "Bakearen, demokraziaren eta subiranotasunaren aldeko aldarria" egingo du koalizio abertzaleak.
EH Baik, berriz, Azkainen ospatuko du Aberri Eguna.
"Euskadi etorkizuna modu librean erabakitzeko askatasuna duen nazioa" dela aldarrikatu du EAJk
EAJk ekitaldia egin zuen atzo Bizkargi mendiaren gailurrean, eta bertan, Andoni Ortuzar alderdiaren presidenteak esan zuen igandean "Euskadi etorkizuna modu librean erabakitzeko askatasuna duen nazioa" dela aldarrikatuko dutela, eta horren harira, "munduko nazio eta herri guztien askatasuna" eskatu zuen, "inork ez dezan indarrez herri bat edo nazio bat azpiratu".
¿ @andoniortuzar: "Abertzale guztiok aldarrikatu behar dugu biharko Aberri Egunean #Euskadi-k bere #etorkizuna askatasunez erabakitzeko #eskubidea duela". #AberriEguna pic.twitter.com/K898EtQvGt
— EAJ-PNV (@eajpnv) April 16, 2022
"Hiru mezu zuzen" helarazi nahi izan zituen, lehenengoa abertzaleei, eta horiei eskatu zien Aberri Egunarekin bat egiteko eta aldarrikatzeko erabakitzeko eskubidea.
Bestalde, nazioarteko egoera "zaila"ren aurrean, "herri eta nazio guztien askatasuna" eskatu zuen, "inork ez dezan indarrez herri bat edo nazio bat azpiratu".
Azkenik, "zailtasun ekonomikoei" egin zien erreferentzia, eta "herri honen etorkizunarekiko esperantza eta fedea" edukitzeko eskatu zuen. "Aurrera egingo dugu, beti egin dugu, eta EAJ horretan tematuta dago eta Euskadiren etorkizuna aurrerakoia, ongizatezkoa eta justizia soziala duena izateko lan egingo du. Hori izango da gure egitekoa", azpimarratu zuen.
"Bakea, demokrazia eta subiranotasuna" eskatuko du EH Bilduk Euskal Herriarentzat
Zenbaitzuk asaldatu eta haserretuko diren arren, apirilaren 17an milaka izango gara Iruñean, gure hiriburu historikoan.#AberriEguna22 pic.twitter.com/7olGxVO0Mv
— Arnaldo Otegi ¿ (@ArnaldoOtegi) April 9, 2022
EH Bilduk, berriz, Nafarroako hiriburua, Iruñea, aukeratu du Aberri Eguna ospatzeko, eta bertan "bakea, demokrazia eta subiranotasuna" eskatuko ditu Euskal Herriarentzat.
Koalizio abertzalearen ustez, "Euskal Herria deuseztatzeko egin dituzten ahaleginak gora-behera, Euskal Herriak oso bizirik jarraitzen du", eta "bakea, demokrazia eta subiranotasuna" aldarrikatuko dituzte pandemiak agerian utzi duelako "eguneroko arazoak kudeatzeko dagoen subiranotasun falta". Gainera, Ukrainako gerraren aurrean, "sekula baino garrantzitsuagoa" omen da bakean eta demokrazian sakontzea, eta horixe goraipatuko dute igande honetan.
Mezu horiexek zabalduko ditu EH Bilduk Sarasate Pasealekuan egingo duen ekitaldi politikoan, eguerdian Iruñeko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioaren ostean. ERC, BNG, CUP, Junts per Cat, Esquerra Valenciana, Mes Mallorca, Mes Menorca, Andecha Astur eta Puyalon de Cuchas alderdiek jada iragarri dute bertan izango direla.
Gainera, arratsaldean joko eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte Alde Zaharrean, tartean jotariak eta dantzariak egongo dira.
"Euskal ikurrak erakusteko deia" egin du Euskal Herria Baterak
Era berean, Euskal Herria Batera ekimenak agerraldia egin zuen larunbat honetan Urruñan eta Aberri Egunean, 24 orduz, euskal ikurrak erakusteko deia egin zuen.
Lapurdiko udalerriko Herriko Etxean egin zuten agerraldian izan ziren, besteak beste, EAJ, EH Bildu, EH Bai, ELA, LAB, diaspora eta euskalgintzako ordezkariak, eta "kulturaren eta hizkuntzaren bitartez" herria indartzeko urratsa egiteko prest agertu ziren.
#aberrieguna2022
— Euskal Herria #Batera #AberriEguna2022 (@aberrieguna2022) April 16, 2022
Gaur Apirilak 16, EH BATERAk,
Urruñako udal aretoan, lehen euskal lore jokoak ospatu ziren toki berean ekitaldi berezia.
Abadia Adierazpena aurkeztu da.
Hemen ekitaldiaren bideoa:https://t.co/FRdnwtKe4W#GOraBatera
EH Baik iragarri zuen Aberri Eguneko ekitaldia Azkainen egingo duela.
Podemosek ez du Aberri Egunarekin bat egingo
Podemos Ahal Duguk aurten ez du Aberri Egunarekin bat egingo, baina adierazpen bat zabalduko du "aberria defendatzea" krisiaren aurrean herritarrak eta industria sarea "babestea" dela aldarrikatzeko.
Era berean, eta "ongizate estatua bermatzeko", "gehien irabazten dutenek ekarpen handiagoa" egiteko erreforma fiskala eskatuko du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa