16:04

Politika

Hauteskundeak Frantzian

Macronek eta Le Penek hautagai kanporatuen boto-emaileak erakartzeko borrokari ekin diote

EFE | Eitb Media

Frantziako presidentetzarako bi hautagaiek bigarren itzuliko kanpainari hasiera eman diote. Boto-asmoaren galdeketek egungo presidenteari emango liokete garaipena, baina 2017an lortutakoa baino askoz tarte txikiagoarekin.

3:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emmanuel Macronek eta Marine Le Penek apirilaren 24ko Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulirako kanpaina abiatu dute, biek ala biek helburu bera dutela: kanporatutako hautagaien boto-emaileak erakartzea.

Macron Frantzia iparraldeko hainbat hiritara joango da astelehen honetan, eta ekialdera joko du asteartean, azken bi hamarkadetan industriaren gainbehera jasan duten eta Le Pen hautagai bozkatuena izan den bi eremutara, herritarrekin zuzenean aurrez aurre egoteko; izan ere, biztanleekiko urruntasuna aurpegiratzen diote. Gaur arratsaldean, telebistan izango da, gainera, elkarrizketa batean, kanpaina bultzatzeko ahalegin betean, oso ekitaldi gutxi egin izana ere kritikatu baitzaio lehen itzulian. 

Bien bitartean, Le Pen ultraeskuindarrak kanpaina-batzordea bildu du goizean, bigarren itzulirako estrategia prestatzeko, eta aurreikusita ez zegoen nekazaritza-ustiategi batera bisita bat programatu du arratsalderako. Bihar "demokrazia eta boterearen erabilera" gaiari buruzko hitzaldi bat eskainiko du eta hainbat elkarrizketa argitaratuko dira hedabideetan. 

Botoen zenbaketaren arabera, Macronek igandean botoen % 27,84 lortu zituen, eta Le Penek, berriz, botoen % 23,15. 2017ko lehen itzuliko erregistroak hobetu zituzten biek, eta presidenteak tarte handiagoa lortu zuen.

Emaitza estuak inkestetan

Orain arte zabaldutako boto-asmoaren zundaketen arabera, Macronek irabaziko luke hilaren 24an, baina 2017an baino emaitza estuagoa lortuta; botoen % 66,1 lortu zituen Macronek orduan, eta % 33,9, berriz, Le Penek. Orain, Macronek 2 eta 8 puntu arteko aldea baino ez lioke aterako, lau institutu demoskopikoren arabera.

Lehen itzuliko emaitzak ezagutu ondoren, eskuin moderatutik komunismora doan arku politikoko hautagaiek Macronen aldeko botoa eskatu zuten, edo Le Peni botorik ez emateko. "Fronte errepublikano" berri bat litzateke, Frantzian eskuin muturra boterera irits ez dadin edozein gobernu mailatan osatzen den osasun-hesia.

Zentro-eskuineko (Errepublikanoak) eta zentro-ezkerreko (Alderdi Sozialista) bi alderdi tradizional handiak hondoratu izanak Eliseorako bi hautagaiek botoak hautesle erradikalizatuenen artean edo abstentzioan bilatu behar izatea dakar.

Christèle Lagier Avignongo Unibertsitateko hauteskundeetan eta eskuin muturrean aditua den politologoak EFE agentziari esan dioenez, "nahiko zaila" da Le Penek boto berri gehiago eskuratzea, abstentzionisten artean eta Jean-Luc Mélenchon ezkertiarraren hautesleriaren zati "aldakorrenean" bakarrik bila bailitzake, eta "baliteke gertatzea", horren ustez.

Lagierren ustez, eskuin muturrak sabai bat du, baina gora edo behera egin dezake beste indar politikoek "alternatiba sinesgarriak" eskaini eta ultrek jomuga izan ohi dituzten immigrazioa eta segurtasuna, besteak beste, berriro nabarmendu ezean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena