Itxi

Politika

Bizkaia

Bilboko bi aterpetxetan Errusiaren aldeko pintaketak agertu direla eta, ikerketa zabaldu du Ertzaintzak

Agentziak| EITB MEDIA

Marrazkietan ibilgailu militar errusiarrek daramaten 'Z' eta komunismoaren ikur diren igitaia eta mailua ikus daitezke. Ortuzarrek eta Iturgaizek pintaketak gaitzetsi dituzte.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du Bilboko kale batean eta ukrainar errefuxiatuentzako bi aterpetxetan agertu diren Errusiaren aldeko pintaketak direla eta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur baieztatu duenez.

Marrazkietan ibilgailu militar errusiarrek daramaten 'Z' eta komunismoaren ikur diren igitaia eta mailua ikus daitezke.

Pintaketak asteburuan agertu dira, baina Erkorekak astelehen honetan eman du horien berri, Legebiltzarrean egin duen agerraldi batean.

Azaldu duenez, Posta kalean (Zazpikaleak) eta Ukrainako errefuxiatuei ostatu ematen dieten Bilbao Aterpetxean eta Boluetako hotel batean agertu dira. Aitortu duenez, "ikerketa hasi baino ez da egin".

Erreakzioak

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen iritzian, Errusiaren aldeko pintaketak "soberan" daude, eta horien egileak "gizatasunik ez duten pertsona autoritarioak" baino ez dira.

Buruzagi jeltzaleak Twitterren duen kontuan nabarmendu duenez, "aurrerakoiak eta iraultzaren defendatzaileak direla uste duten horiek Putin, Abascal eta Le Pen bezain "fatxak" dira. Abertzaleak eta gorriak direla diote, baina gizatasunik ez duten pertsona autoritarioak dira".

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak "nazkagarritzat" jo ditu pintaketak, eta egileak "ezker muturreko abertzaleak" direla erantsi du.

"Ezker muturreko abertzaleek Europan dozenaka milioi pertsona hil zituen igitaia eta mailua brodatzen dute  eta Putinen hilketak goraipatzen dituzte. Jendilajea", esan du sare sozialetan.