21:24

Politika

FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK

Macroni botoa eman ez dieten guztien babesa eskatu du Le Penek bigarren itzulirako

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Emmanuel Macron zentristak eta Marine Le Pen ultraeskuindarrak jokatuko dute Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia. Macroni botoa eman ez dioten guztiei bat egin eta botoa berari emateko esan die Le Penek.

  • Marine Le Pen, gaur, emaitzak ezagutu berritan. Argazkia: EFE

    Marine Le Pen, gaur, emaitzak ezagutu berritan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko hautagaiak Frantziako hauteskundeetako bigarren itzulian lehiatzeko txartela lortu du gaur, botoen % 23 jasota. Aurreikuspenak beteta, Emmanuel Macron Errepublika Martxan alderdiko hautagaia izango du parez pare, Frantziako egungo presidenteak bozen % 28 eskuratu baititu.

Emaitzak jakin orduko egin duen agerraldian, Le Penek mezu zuzena igorri du, eta lehen itzulian Macroni botoa eman ez dieten guztiei eskatu die babesa. "Apirilaren 24an hau dago jokoan: gizartearen banaketa eta desordena edota frantziarren batasuna, babesa eta justizia soziala. Macroni botoa eman ez dieten guztiei dei egiten diet batasun horretan parte har dezaten", esan du.

Macronek duela bost urte lortutako emaitza hobetu du, lehen itzulian % 24,01ean geratu baitzen orduan, baina Le Penek ere gora egin du, botoen % 21,3 jaso baitzituen.

Gainera, Macronek inkestek aurreikusitakoa baino babes handiagoa lortu du, eta galdeketa horiek bera jartzen dute apirilaren 24ko bigarren itzulirako faborito, baina 2017an baino alde txikiagoarekin, orduan Le Penen bikoitza jaso zuen eta.

Lehenengo itzuliko emaitzen aurrreikuspenen arabera, eskuin muturreko hautagaia Jean-Luc Melenchon ezkertiarraren aurretik geratu da, Eliseora iristeko hirugarren ahaleginean % 20ra iritsi baita, 2017ko emaitzak zertxobait hobetuta.

Behin betiko datuen faltan, gaurko parte-hartzea % 72,7 ingurukoa izan da, 2002ko lehen itzulitik (% 71,6) izan den txikiena.

Zemmourren babesa

Bigarren itzulira begira, Le Penek, jada, jaso du Eric Zemmour ultraeskuineko beste hautagaiaren babesa. "Marine Le Penentzako botoa eskatzen die jarraitzaileei", esan du, emaitzak jakin berritan.

Bestalde, kontserbadoreek, sozialistek eta ekologistek Macronentzako babesa eskatu dute. Gaurko bozetan hirugarren geratu zen Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa) ezkertiarrak, aldiz, ez du zuzenean Macronen aldeko botoa eskatu, baina oso argi esan du "Le Peni boto bakar bat ere ez" emateko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena