Politika
Hauteskundeak frantzian
Frantziako hauteskundeetako parte-hartzea % 65ekoa zen 17:00etan, 2002tik izan den baxuena
agentziak | eitb media
Iparraldean, berriz, Pirinio Atlantikoetako parte-hartzea % 72,78koa zen ordu horretan, aurreko hauteskundeetan baino 2 puntu altuagoa.
-
Frantziako hauteskundeak. Argazkia: Efe
Frantziako hauteskunde presidentzialetako lehenengo itzulian parte-hartzea % 65era iritsi da 17:00etarako, hau da, 2002tik izan den maila baxuenean dago, Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera. Ipar Euskal Herrian, berriz, Pirinio Atlantikoetako parte-hartzea % 72,78koa zen ordu horretan, aurreko hauteskundeetan baino 2 puntu altuagoa.
2017ko bozetan % 69,42koa zen parte-hartzea Estatu osoan ordu horretan, eta % 70,59koa eta % 73,87koa 2012an eta 2007an, hurrenez hurren.
Lehenengo itzuliko parte-hartze maila baxuena 2002an izan zen, Jean-Marie Le Pen Fronte Nazionaleko hautagaiak, ezustean, bigarren itzulirako txartela lortu zuenean, eta % 58,45ekoa izan zen.
Frantziako Estatuan botoa ematera deituta dauden herritarren % 25,48k eguerdirako emana zuten botoa, duela bost urte baino % 3 gutxiagok.
Ipar Euskal Herriaren kasuan, 250.000 lagunek dute botoa emateko eskubidea, eta Pirinio Atlantikoetako datuen arabera, parte-hartzea % 31koa zen eguerdian, 2017an baino puntu bat baxuagoa, baina Estatuko batez bestekoa baino dezente altuagoa.
2017ko bozetan % 28,54koa zen parte-hartzea Frantziako Estatuan, eguerdian, eta egunaren amaieran, % 77,8koa. 2012an, berriz, % 28,29koa zen parte-hartzea eguerdian, eta 2007an, % 31,21ekoa. 2002ko hauteskundeetan izan zen inoizko parte-hartze txikiena presidentzialen lehenengo itzuliari dagokionez, % 21,4koa hain zuzen ere.
Hautagai nagusien artetik, Anne Hidalgo Parisko alkate sozialista izan da botoa ematen lehena, hiriburuko 15. barrutiko eskola batean.
Ondoren joan dira hauteslekura Jean-Luc Melenchon ezkertiarra, Valerie Pecresse eskuindar kontserbadorea, Eric Zemmour eta Marine Le Pen eskuin-muturrekoak eta Yannick Jadot ekologista, besteak beste.
Hautagai nagusietatik Emmanuel Macron izan da azkena botoa ematen, eta Le Touquet udalerri txikian egin du.
Abstentzio handiaren arriskua da gaurko giltzetako bat, boto-asmoari buruzko inkesta guztien arabera.
Hauteslekuak irekita egongo dira 18:00ak arte udalerri txikietan, eta 20:00ak arte, hirietan. Ordutik aurrera has daitezke hauteslekuetako inkestak zabaltzen, eta normalean bete-betean asmatzen dute lehenengo itzuliko ematza zein izango den.
Ostiralera arte argitaratutako inkestetan agerian geratzen da Macronekin batera Marine Le Pen eskuin-muturreko hautagaia egongo dela apirilaren 24ko bigarren itzulian, izan ere, boto-asmoan hiru puntura gerturatu zaio.