21:21

Politika

Mendebaldeko Sahara

Espainiak Sahararekiko zuen jarrera aldatu egin duela berretsi dio Sanchezek Mohamed VI.ari

EiTB Media

Espainiako Gobernuko presidentea eta Marokoko erregea Rabaten bildu dira, eta bi herrialdeen arteko harremanetan "aro berri" bat abiarazteko borondatea erakutsi dute.  

  • Mohamed VI.a Marokoko erregea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Rabaten. Argazkia: EFE

    Mohamed VI.a Marokoko erregea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Rabaten. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiak historikoki Mendebaldeko Saharari buruz izan duen jarrera aldatu egin duela adierazi dio gaur Pedro Sanchezek Mohamed VI.ari eta, ildo horretan, berretsi egin dio Espainiak babestu egingo duela Mendebaldeko Sahara Marokoren baitako autonomia bilakatzeko plana.   

INTERESEKOA: Zer gertatzen ari da Mendebaldeko Saharan?

Espainiako Gobernuko presidentea eta Marokoko erregea Rabaten bildu dira arratsaldean, eta erregimen marokoarrak zabaldutako agiriaren arabera, Sanchezek berretsi egin du Espainiaren jarrera aldaketa, "eta Sahara autonomia bilakatzeko plana gatazka konpontzeko aukerarik serioena, eraginkorrena eta sinesgarriena dela adierazi du".  

Halaber, bi herrialdeen arteko harremanetan aro berri bat abiatzea adostu dute bi agintariek, "elkarrenganako errespetuan eta konfiantzan oinarrituta" eta "modu iraunkor batean eta leialtasunez elkarlanean arituz".  

EFE agentziak aipatutako Espainiako Gobernuaren iturriek, berriz, batzarra adeitsua izan dela eta bi herrialdeen arteko harremanetan sakontzeko borondatea erakutsi dutela azpimarratu dute.

Bestalde, bilera amaitu ostean egindako agerraldian, Sanchezek iragarri du Ceuta eta Melillako mugak pixkanaka irekitzea adostu dutela, pertsonen zirkulazioa eta merkantzien eta ondasunen garraioa normaltasunez ahalbidetuz.   

Marokoko protokolo zerbitzuek hartu dute Sanchez Errege Jauregian, eta monarka zain zuen aretora eraman dute. Biek elkarri bostekoa eman diote eta elkarrizketa laburra izan dute, ondoren eseri dira bi gobernuetako kideekin batera.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak eta Ricardo Diaz- Hochleitner enbaxadoreak parte hartu dute batzarrean.

Beste aldean, Fuad Ali Himma kontseilariak, Naser Burita Atzerri ministroak eta Karima Benyaich enbaxadoreak Marokoko erregea lagundu dute.

Argazkia: EFE

Marokoko eta Espainiako ordezkaritzen arteko bilera Rabaten. Argazkia: EFE

Bestalde, bilera baino lehen, Sanchezek adierazi du Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk Diputatuen Kongresuan aurkeztutako ekimena errespetatzen duela, baina Marokoren autonomia egitasmoa onartzeko erabakia berretsi du, gatazka konpontzeko oinarri errealistena dela iritzita.

"Kongresuak onartutakoa errespetatzen dut", adierazi Espainiako gobernuburuak bilera hasi baino lehen, baina "Espainiaren interes orokorrerako jarrerarik onena hauxe dela berretsi nahi dut".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena