16:23

Politika

13/13 sumarioa

Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta beste hiru abokaturi 3 eta 7 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkie

EiTB Media

Konkretuki, Arantxa Zuluetari 7 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri dio, Jon Enparantzari 4 urteko espetxealdia, eta Naia Zurriaraini eta Iker Sarriegiri 3 urteko kartzelaldia. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo, aldiz, absolbitu ditu.

  • 13/13 sumarioko akusatuak epaiketa hasi zen egunean. Argazkia: EH Bildu

    13/13 sumarioko akusatuak epaiketa hasi zen egunean. Argazkia: EH Bildu

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionalak Arantxa Zulueta abokatua eta beste hiru abokatu zigortu ditu 13/13 sumarioaren auzian. Konkretuki, Zuluetari 7 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio, eta beste hiru abokaturi 3 eta 4 urte arteko espetxe-zigorrak, "ETAko presoak kontrolatzeko helburu nagusiarekin, Halboka fronte juridikoa eraikitzea" egotzita.

549 orrialdeko epaian, Auzitegi Nazionalak beste hiru akusatuak absolbitu ditu. Horrela, Juan Francisco Martel magistratuaren sententziak Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo errugabe jo ditu.

Fiskalak Arantxa Zuluetari 19 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu zuen, baina auzitegiak 4 urteko zigorra inposatu dio talde terroristako kide izatea egotzita eta beste 3 urte eta sei hilabete armak eta lehergaiak gordetzea leporatuta.

Era berean, Jon Enparantzari 4 urteko kartzelaldia ezarri dio, nahiz eta Fiskaltzak 12 eskatu. Naia Zurriarain (3 urte eta 6 hilabete) eta Iker Sarriegi (3 urte eta egun bat) ere zigortu ditu. Hirurei talde terroristako kide izate egotzi die. "Atzerapen bidegabeen" aringarria aplikatu die auzitegiak.

Horrela gauzak, defentsen argudioa errefusatu du auzitegiak. Akusatuen jarduerak esparru juridikoa sekula ez zuela gainditu azaldu zuten abokatuek epaiketan.

CNIren esku-hartzea eta torturak

Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) izan zuen paperari dagokionez, "beste egiaztapen ekintza batzuk izan ziren, Guardia Zibilak aurrera eramanak, CNIk atzemandako elkarrizketa telefonikoez gain, baina horretarako baimen judizialarekin", zehaztu du sententziak. Horregatik, aretoak epaiketa baliogabe uzteko eskaera arbuiatu du. Epaiketa hasi baino lehen, ez zuen aztertu nahi izan. Dagoeneko epaiketan, CNIk deklaratzeari uko egin zion ahozko saioan.

Tortura salaketei dagokionez, Zuriarrainen eta Agirreren testigantzak jasotzen ditu epaiak. Hala ere, bi kasuak jasota uztera mugatzen da auzitegia, "tortura salaketak frogaturik ez" daudela gaineratzeko.

Epaiaren argudioak

Lau abokatu zigortuak Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) bi bulego juridikoetan ETAren alde lanean ari zirela argudiatu du sententziak: "Bakoitzak bere gaitasun profesionalekin laguntzen zuen, ETAk emandako zereginak errespetatuz".

Magistratuen ahotan, "euren bulegoak banda terroristaren zerbitzura jarri zituzten, enkarguak bidaliz eta jasoz". "Kide aktiboekin eta buruzagiekin harreman pertsonala zuten, aske ez zeuden kideek informaziorik onena eskura izateko", erantsi dute epaileek sententzian.

Gertakariak, iazko uztailetik azarora ahozko saioetan, frogatu zirela uste dute magistratuek.

Frogak aztertu ondoren, zigortuek ETAren helburuetan parte hartzen zutela, eta erakundeko kide zirela ondorioztatu dute epaileek, "ez zuzenean indarkeria ekintzak aurrera eramanez, preso zeuden militanteen kohesioa mantenduz baizik, erakunde kriminalarekiko lotura mantentzeko".

Erreakzioak

Epaiari erantzun egin diote jadanik. Horrela, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Twitter sare sozialean adierazi duenez, "beste behin ere, argi geratu da nork egiten duen bakearen aldeko apustua eta nork gerraren aldekoa. Nork irtenbideen alde eta nork mendekuaren alde. Nork zubiak eraikitzearen alde eta nork lubakiak zulatzearen alde". "Kale egin dute. Nahiz eta etengabe saiatu, herri honek bakea eta askatasuna lortzea ez dute eragotziko", erantsi du Rodriguezek.

"Berriz ere zigorrak, berriz ere mina, berriz ere bakearen aurkako mendekua, berriz ere Auzitegi Nazionala, eta berriz ere gure erantzuna: ez dugu etsiko Euskal Herria askatu arte!", esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak sare sozial berdinean.

"Askatasunean eta bakean bizi nahi dugu euskal herritarrok. Askatasunean eta bakean utz gaitzatela", esan du Ernai gazte antolakundeak Twitterren.

Joseba Azkarraga Sare herritarreko ordezkariak epaia salatu du, "neurrigabekeria judizial berri bat" delako.

"Espetxeak hustu eta bizikidetza eraiki nahi dugun honetan 13/13 auziko epaia zentzugabekeria da", uste du Etxeratek. "Gure elkartasuna kondenatuei eta besarkada haien senide eta lagunei ere", erantsi du.

"Badira sententziak epaiketa hasi aurretik idatziak direnak. 13/13 auzikoa da bat", salatu du LAB sindikatuak. "Gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu auzipetu guztiei, eta une zailotan gure sostengua, bereziki, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri", gaineratu du.

"Urraketez betetako prozesua izan da", kritikatu du sindikatu abertzaleak. LABen hitzetan, "tratu txar eta eraso sexualen testigantzak entzun dizkiegu auzipetuei; inkomunikazio aldiko tortura salaketak, etengabeko irregulartasunak, babesgabetasuna eta eskubide urraketak bizi izan dituzte, bis in idem printzipioa bera ere urratu izan zaie (honen arabera pertsona bera ezin da behin baino gehiagotan zigortu gertaera berarengatik)".

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT), ostera, zigorra txalotu du, eta "sare politiko, ekonomiko eta sozial guztia ETA da" demostraturik geratu dela uste du.

Era berean, Dignidad y Justiciak nabarmendu du epaiarekin "justiziak ETAko sare zibilaren aurkako zirkulua itxi du, fronte juridikoa zigortuz, gorbata eta togarekin hiltzaileen atzean dauden egileak".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena