Politika
KRISIA UPN-N
EITB MEDIA
Javier Esparzak (UPN) esan du Sayas eta Adaneroren plataforma alderdi politiko bat osatu aurreko urratsa dela eta "UPNren aurka" egiten duela.
Iragan astean bi urte eta erdirako UPNtik kanporatuak izan ostean, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatu nafarrek plataforma zibiko berri bat aurkeztu dute "jendearen nahigabea bideratzeko" eta "hurrengo legegintzaldietan gobernuak aldatzeko".
Gaur goizean Iruñeko Foruen Monumentuan egindako agerraldian azaldu dutenez, gaur-gaurkoz, 62 udalerritako 631 pertsonak eman diote babesa plataforma berriari.
UPNtik kanporatutako diputatuen arabera, proiektu horri babesa eman dioten pertsona gehienak ez dira alderdi erregionalistako afiliatu izandakoak. Gainera, atea ireki diete eskuineko beste alderdi batzuetako militanteei.
Edozein kasutan, argi utzi nahi izan dute hau ez dela alderdi politiko bat, plataforma bat dela eta ez dela inongo kongresuren bigarren itzulia.
Sergio Sayasen iritziz, "alternatiba sendo eta sinesgarri bat" behar da eta "etorkizunean gertatuko denaz etorkizunean hitz egingo dugu".
Garcia Adanerok, bere aldetik, esan du ez dutela inorekin sartu nahi, ezta inoren aurka egin ere: "Arerioa gobernu pentapartitoa eta sanchismoa dira, eta ez dugu Nafarroako zentro eskuina ordezkatzen duen alderdi bakar baten kontra egin nahi".
Biek ala biek nabarmendu dute ez dutela beste alderdiekin hitz egin eta ez dutela inoren eskaintzarik jaso.
Bestalde, plataformanavarra.com izeneko webgunea martxan jarri dutela iragarri dute.
Sergio Sayasek aste honetan bertan zioenez, "ehundik gora dira dagoeneko baja eman duten afiliatuak, batez ere, Erriberan, Iruñerrian, Berriozarren, Uharten eta Orkoienen.
UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak bi diputatuak militantziatik kanpo uzteko erabakia hartu zuen, lan erreformaren alde agertzeko UPNk hartutako erabakiari men egin ez ziotelako. Era berean, alderdi barruan edo UPNren ordezkari gisa ezein kargu betetzeko aukera galarazi zieten bi urte eta sei hilabetez.
Bestalde, Javier Esparza UPNko presidenteak esan du ez dela "ezustekoa" Sayasek eta Adanerok plataforma bat sustatu izana, "Nafarroan ez zen inor harrituko denok elkar ezagutzen dugulako", eta "alderdi politiko bat osatzeko urratsa" dela adierazi du.
Komunikabideei egindako adierazpenetan Esparzak adierazi duenez, "gauzei bere izenez deitu behar zaie, ez baita plataforma zibikoa bat". "UPNren aurka egiten dute, hori bultzatzen ari direnen mesedetan, eta gaur ziur nago EH Bildu ospatzen ari dela Sayas jaunak eta Adanero jaunak Nafarroan alderdi politiko bat sortuko dutela", adierazi du.
Esparzak adierazi duenez, ekimen horren ostean, "UPN ez da hautsiko, ez barrutik ez kanpotik, UPN oso alderdi sendoa da, lurralde-egitura oso garrantzitsua du, UPN da erreferentzia politikoa lur honetan, hala izan da, hala da eta hala izaten jarraituko du".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa