Politika
krisia pp-n
PPren Batzarreko Batzorde Antolatzaileak Feijoo izendatu du hautagai bakar gisa
agentziak | eitb media
Batzordeak adierazi duenez, baldintzak betetzen dituen hautagai bakarra da, 55.580 abal aurkeztu ostean. Alexia Herranzek, aurkeztutako beste hautagaiak, ezin izan ditu lehiatzeko adina abal bildu.
-
Alberto Nuñez Feijoo. Argazkia: EFE
PPren ezohiko Batzarreko Batzorde Antolatzaileak (COC) Alberto Nuñez Feijoo izendatu du ostegun honetan hautagai bakar gisa, Sevillan apirilaren 1ean eta 2an izatekoa den bilera horretara begira. Izan ere, bere burua aurkeztu zuen beste hautagaiak, Alexia Herranzek, ez du lehiatzeko adina abal biltzerik lortu.
Esteban Gonzalez Pons COCko presidenteak adierazi duenez, Feijook bakarrik betetzen ditu lehia horretan parte hartzeko baldintzak, 55.580 abal aurkeztu ostean. Bestalde, azaldu du Alexia Herranz Gandiako militanteak aurkeztutako 41 abaletatik "39 bakarrik" dagozkiela PPko afiliatuei, eta horietatik "17k bakarrik daukate kuoten ordainketa egunean".
"Hori dela eta, Alberto Nuñez Feijoo izendatu dugu Alderdi Popularreko Presidentetzarako hautagai bakar gisa, Sevillan apirilaren 1ean eta 2an izatekoa den batzarrerako", baieztatu du.
Anton Losada kazetari eta politologoak Alberto Nuñez Feijooren profil politikoa aztertu du, Alderdi Popularraren barruan eta Galiziako Xuntako presidente bezala. Ostegun honetan ETBn eskainitako elkarrizketa batean, PP berria nolakoa izango den ulertzeko gakoak eman ditu.