10:35

Politika

PP-REN KRISIA

Casadok apirilera arte jarraituko du PPko presidente izaten, eta hautagaitza aurkezteko eskatu dio Feijoori

Agentziak | EITB Media

Kongresua egin arte, Cuca Gamarra Kongresuko Talde Parlamentario Popularraren bozeramailea izendatuko dute PPko koordinatzaile nagusi.

  • Pablo Casaso Diputatuen Kongresuko korridoreetan

    Alderdiaren XX. Kongresua apirilaren 2an eta 3an egingo dute. Irudian, Pablo Casado. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pablo Casadok apirilaren 2an eta 3an egingo den alderdiaren XX. Kongresura arte jarraituko du PPko presidente karguan, baina ez da hautagai izango, eta Alberto Núñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteari aurkezteko eskatu dio, nahiz eta azken horrek oraingoz ez duen bere hautagaitza baieztatu.

PPko zuzendaritza nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez, Casadok Galiziako buruzagiaren aurrerapausoa eskatu du. Autonomia-erkidegoetako presidente guztiek ere eskatu dute, Casadok eta baroiek Genovan egindako bileraren berri izan duten iturriek Eferi jakinarazi diotenez.

Feijook ez du baieztatu hautagaitza aurkeztuko duenik, ez alderdiko burukideen aurrean, ezta komunikabideen aurrean ere. "Aurkeztu ala ez erabaki behar duena ni naiz", adierazi du Feijook, eta azpimarratu du ez duela erabakia aurreratuko kongresu hori formalki deitu arte, kontrakoa "arinkeria" izango litzatekeelako.

"Utz diezaiegun gauzak normaltasunez egiten, edozein militante aurkez daitekeelako", gaineratu du Feijook, eta eskerrak eman dizkie alderdikideei alderdia gidatzeko pertsona "egokia" dela pentsatzeagatik.

PPk ohar baten bidez jakinarazi duenez, Pablo Casadori karguan jarraitzeko eskatu diote "ezohiko eta premiazko Kongresura arte".

Gainera, PPko presidenteak proposatuta eta aho batez, alderdiaren koordinatzaile nagusi izendatuko dute ordura arte Kongresuko Talde Parlamentario Popularraren bozeramaile Cuca Gamarra.

Esteban Gonzalez Pons eurodiputatua izango da Kongresuko Antolaketa Batzordeko presidentea, eta lurralde-erakunde bakoitzak izendatutako kide batek, gutxienez, osatuko du.

Bileraren berri izan duten iturriek Eferi azaldu diotenez, praktikan, Casado ez da alderdiaren eguneroko kudeaketaren buru izango, Cuca Gamarraren esku geratuko baita.

Horrela, Casadok presidente izaten jarraituko du Kongresuan afiliatuei agur esan arte. Koordinazio orokor berriak etapa honi amaiera emango dion puntu eta aparte bat izan nahi du, baita Genovaren eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen arteko gerra hasi zenetik alderdiak duen aurrekaririk gabeko krisiari ere.

Diputatuen Kongresuan agur esan zuenetik ez du agerraldirik egin, baina bart gauean PPko burua ikusi dutenek "ondo" ikusi dute, egoerak eskatzen duen mailan, lau ordu baino gehiago iraun duen bilera zail eta gogor batean, osteguneko 01:30era arte izan baitira bilduta.

PPk nolabaiteko irtenbidea eman dio horrela bere krisiari. Bilera horretan, baina, ez du Madrilgo Erkidegoko presidenteak parte hartu; izan ere, ez da Madrilgo PPko burua, Pio Garcia Escudero baitute Madrilgo Erkidegoan popularrek buru.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena