00:26

Politika

Krisia Alderdi Popularrean

Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak dimisioa eman du

EiTB Media

Teodoro Garcia Egeak adierazi du zuzendaritza berri bat aukeratzeko "trantsizioa" ahalbidetu nahi duela kargua utzita, eta azpimarratu du beti izango zaiola "leiala" Pablo Casadori.

  • Teodoro Garcia Egea. Argazkia: EFE

    Teodoro Garcia Egea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Teodoro Garcia Egea Alderdi Popularreko idazkari nagusiak dimisioa eman du arratsalde honetan.  PPko buruzagi eta lurralde kargudun askok Garcia Egea kargutik kentzea behin eta berriro eskatu dute azken egunetan, krisia ixteko ahaleginean.

Dimisioa eman eta ordu gutxira, La Sexta telebistan egindako elkarrizketa batean, Garcia Egeak adierazi du erabaki "pertsonala" izan dela eta PPren baitan "trantsizio bat ahalbidetu" nahi duela, afiliatuek zuzendaritza berri bat aukera dezaten.

"Inoizko erabakirik zailena hartu dut. Nire kargua uztea erabaki dut, afiliatuei hitza emateko, indarra hartzeko eta aro berri bat hasteko", esan du.

Casadori buruz nabarmendu du pertsona "zintzoa eta printzipioduna" dela. "Harro nago berarekin lan egin izanaz eta beti izango natzaio leiala", ziurtatu du.

Ildo horretan, azpimarratu du bien arteko harremana "duela bi aste baino hobea" dela orain eta erantsi du "PP egun hobeto" dagoela, Casado zuzendaritzara iritsi zenean baino.  

Kargua zergati utzi duen galdetuta, Egeak ziurtatu du ez duela "ezer txarrik egin" eta berretsi egin du zuzendaritza berri bat aukeratzeko kongresua deitzea ahalbidetzeko egin duela albo batera.

Isabel Diaz Ayusoren anaiari lotutako ustezko kontratu irregularren harira, Egeak azaldu du "iturri anonimo baten bidez" jaso zutela informazioa joan den "abuztuan edo irailean" eta alderdi barruan horri buruzko "galderak" egin zituztela, beste balizko ustelkeria kasu batzuekin egin izan duten moduan.  

"Espainiarrek beren buruari galdetu behar diote zernolako alderdi politikoak dituzten nahiago: alderdi barruan galderak egiten dituztenak edo alderdiko karguei buruzko informazioa zakarrontzira botatzen dutenak", galdetu du.  

Beste dimisio batzuk

Bestalde, gaur goizean, Madrilgo alkate Jose Luis Martinez-Almeidak eta Belen Hoyo Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak ere dimisioa eman dute.

Gainera, Casadoren taldean izandako zatiketak hiru baja gehiago utzi ditu azken orduetan alderdian. Ana Vazquez diputatu galiziarra eta Alderdi Popularreko Emigrazio idazkari nazionala izan da dimisioa eman duen alderdiko zuzendaritzako azken kidea.

Testuinguru honetan, Casadok alderdiko buruzagien aurrean etsi eta azkenean Zuzendaritza Batzorde Nazionala bilduko du martxoaren 1ean, XX. Kongresu Nazionala martxan jartzeko, zuzendaritza nazionaleko iturriek jakitera eman dutenez. Ondorioz, ezohiko kongresua izango da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena