Politika
Krisia Alderdi Popularrean
EiTB Media
Espainiako zenbait komunikabideren arabera, Alberto Nuñez Feijoo, Juan Manuel Moreno Bonilla, Alfonso Fernandez Mañueco eta Isabel Diaz Ayuso PPko lau agintari nagusiek Pablo Casadok alderdia zuzentzen jarraitzerik ez duela adostu dute dagoeneko.
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea. Argazkia: EFE
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidente eta bertako PPren buruzagiak Alderdi Popularreko beste agintari batzuekin hitz egin du, Pablo Casadoren eta Isabel Diaz Ayusoren arteko gerraren inguruan.
La Vanguardia, El Mundo edo El Pais komunikabideek, besteak beste, jakitera eman dutenez, Alberto Nuñez Feijoo, Juan Manuel Moreno Bonilla, Alfonso Fernandez Mañueco eta Isabel Diaz Ayuso PPko lau buruzagi nagusiek Casadoren dimisioa eskatu dute dagoeneko.
Hain zuzen ere, Galiziako PPren iturriek baieztatu dutenez, alderdiaren "kolapso egoeraren" aurrean Feijook Ayusorekin elkarrizketak izan ditu azken egunetan, baita beste buruzagi eta alderdikide "askorekin" ere.
Tentsio testuinguru honetan alderdiko agintariek elkarren artean hitz egitea "normala" dela uste dute iturriek. Galiziako presidentearen elkarrizketa pribatuen xehetasunak ematea baztertu dute. Hala ere, Feijook Casadori "argi eta garbi" azaldu dio pentsatzen duena.
Krisia itxi ez dela ikusita, "azken erantzukizuna eta erabakia" hartuz "amaiera eman" behar diola uste du Feijook. "Premiazko erabakiak" beharrezkoak direla errepikatu du Galiziako buruzagiak, "ez dira errazak izango", baina "ezinbestekoak" dira.
Alderdiaren ezohiko eta balizko kongresu baten aurrean, aurrerapausoa emango ote duen ez du argitu Feijook. Ayusok, ostera, publikoki baztertu du. "Nire tokia Madril da", adierazi du prentsaurrekoan. Alderdiaren egoera "jasangaitza" dela deitoratu du Ayusok agerraldian, eta irtenbide bat eskatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa