06:18

Politika

KRISIA PP-N

Alderdiaren zuzendaritza bilduko du Casadok gaur, Diaz Ayusorekin irekitako krisiaren ostean

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Manifestazio jendetsua egin dute igande honetan Madrilen, "Ayuso presidente, Casado dimisión" oihuen artean. Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruak gertatuaren inguruko iritzia emango du lehenengo aldiz astelehen honetan, Bilbon.

  • Ayusoren aldekoak gaur, Madrilen. Argazkia: EFE

    Ayusoren aldekoak gaur, Madrilen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pablo Casado PPko presidenteak bilera egingo du gaur PPko Exekutiboarekin, Madrilgo Erkidegoko presidentearekin hasitako gerra nola itxi erabakitzeko. Milaka pertsona –3.000 eta 5.000 artean, Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzaren arabera– bildu ziren atzo eguerdian PPk Genova kalean duen egoitzaren atarian, Isabel Diaz Ayusori babesa adierazteko eta Teodoro Garcia Egea PPko buruzagiaren zein Casadoren beraren dimisioa eskatzeko.

11:00etan hasiko da Zuzendaritza Batzordearen bilera, Genovako egoitzan bertan, eta, besteak beste, hauek bilduko dira bertan: Teodoro Garcia Egea idazkari nagusia; Jose Luis Martinez-Almeida bozeramaile nazional eta Madrilgo alkatea; Ana Beltran, Pablo Montesinos, Ana Pastor, Antonio Gonzalez Terol, Jaime de Olano eta Elvira Rodriguez alderdiko idazkari nagusiak; Parlamentuko PPko bozeramaile Cuca Gamarra, Javier Maroto eta Dolors Montserrat; eta Hauteskunde Batzordeko eta Eskubide eta Bermeen Batzordeko presidenteak.

PPko zuzendaritzak Diaz Ayusori irekitako espedientea itxi egingo ziola iragarri eta ordu batzuetara, protesta jendetsua egin zuten. Ayusoren anaiak kobratutako zerbitzuen inguruan eskatutako informazioa jaso ondoren erabaki zuten ikerketa ixtea PPko buruek.

Ikusmin handia dago Casadok emango dituen hurrengo pausoak zeintzuk izango diren ikusteko; izan ere, Casadoren lidergoa zalantzan jartzen hasi dira jada alderdikide batzuk, eta ezohiko kongresua deitzearen aldekoak ere agertu dira, zuzendaritza berria hautatzeko.

Alderdiaren haustura agerian utzi zuen atzoko protestak. Espainiako eta Madrilgo Erkidegoko banderak aldean zituztela egin zuten elkarretaratzean, "Sanchez, tiembla; Ayuso, presidenta", "Yo con Ayuso", "Ayuso, Cayetana: las mujeres al poder", "Ayuso presidente, Casado dimisión" eta "Egea dimisión" izan ziren lelo errepikatuenak. 

PPko euskal ordezkariei dagokienez, larunbatean Carmelo Barrio legebiltzarkide popularrak "batasunerako deia" egin zuen Radio Euskadin, eta iragarri zuen Carlos Iturgaiz EAEko PPko buruak astelehen honetan emango duela gertatu denari buruzko iritzia, Bilbon, Forum Europan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena