09:04

Politika

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Eba Blanco EAko idazkari nagusi kargurako aurkeztuko da

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak 'Faktoria' saioan aurreratu du ilusio handia duela eta berrautaketara aurkeztuko dela. Asteburu honetan EAk egingo duen kongresuaz eta alderdiko kritikoen eta egungo zuzendaritzaren arteko zatiketaz aritu da.

  • Eba Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

    Eba Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

    20:18 min
imagen player
imagen player
imagen player
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak bere hautagaitza aurkeztuko du alderdiak asteburu honetan egingo duen kongresuan. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan aurreratu du ez diotela ilusiorik kendu eta berrautaketara aurkeztuko dela. Halaber, EAren Nazio Biltzarra "berme guztiekin" egingo dela azpimarratu du.

"Ez didate ilusioa kendu, eta, bai, aurkeztuko naiz, alderdia berpiztu behar da, ilusioa berpiztu behar da alderdikideen artean", esan du Blancok. Alderdi barruko desadostasunak desadostasun, militante eta afiliatuen babesa sentitzen ari dela adierazi du. Aurrera begira, alderdiaren izena berreskuratu behar dela aldarrikatu du.

Asteburuko kongresutik irteten dena errespetatzeko konpromisoa hartu du Eba Blancok: "Ez dakit besteek gauza bera esan ahal duten".

EAk larunbatean eta igandean ospatuko du Nazio Biltzarra. Hitzordua larunbatean hasiko da, otsailaren 19an, eta orduan aurkeztu ahalko dituzte hautagaitzak.

Sektore kritikoko Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korres alderdikideak lau urterako kanporatzeak kongresua baldintzatuko ote duen galdetuta, ezetz erantzun du Eba Blancok. Horren hitzetan, biltzarkide guztiek parte hartu ahalko dute "berme guztiekin".

Astelehenetik aurrera, aipaturiko bost alderdikideak kanporatuko dituzte lau urterako,  eta 30 eguneko epea izango dute helegitea aurkezteko.

Bi sektoreen artean komunikaziorik ba ote dagoen galdetuta, Eba Blancok onartu du giroa ez dela ona, eta gauzak asko gogortu direla azken bi urteetan eta, batez ere, azken asteetan. Dena dela, alderdiaren baitan jarraitzeak zentzua duela uste du. EA indartsu baten alde egiten du Blancok, EH Bilduren barruan.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena