Itxi

Politika

hauteskunde autonomikoak

PPk irabazi ditu Gaztela eta Leongo hauteskundeak, eta Mañueco izango da presidente, Voxekin ituna eginez gero

agentziak | eitb media

PSOE izan da bigarren, botoen % 30,1 eta 28 ordezkari eskuratuta, eta Vox hirugarren, botoen % 17,6 eta 13 eserleku lortuta. PPk gehiengo osoa izango du, eskuin muturrarekin ituna eginez gero.

  • Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo presidente eta PPren hautagaia. Argazkia: Efe

    Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo presidente eta PPren hautagaia. Argazkia: Efe

Botoen % 99,32 zenbatuta, PPk irabazi ditu Gaztela eta Leongo hauteskundeak, boto-emaileen % 31,4ko babesarekin. Popularrek 31 ordezkari izango dituzte gorteetan, orain arte baino bi gehiago. PSOE geratu da bigarren, botoen % 30,1 eta 28 diputatu lortuta (7 galdu ditu).

Vox, berriz, hirugarren indarra izango da, botoen % 17,6 jasota 13 ordezkari izatera pasatuko baita (bakarra zuen aurretik). Ordezkariak izango dituzten gainerako alderdiak, hauek: Union del Pueblo Leones (3), Soria Ya (Soriako alderdi bozkatuena, 3 eserlekurekin), Unidas Podemos (1), Ciudadanos (12 izatetik bakarra izatera pasatuko da) eta Por Avila (1).

Hala, PP eta Vox alderdien batasunak Alfonso Fernandez Mañueco hautagai popularrari emango lioke gobernua.

Erreakzioak

Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo jarduneko presidente eta PPren hautagaiak esan du "oso gustura" dagoela emaitzarekin, baina aitortu du "guztiekin" hitz egin beharko duela, Voxi erreferentzia eginez, gehiengo osoa lortzeko giltza baitu eskuin muturreko alderdiak.

"Guztiekin hitz egin behar dut guztiontzako gobernu bat osatzeko", azpimarratu du hedabideen aurrean egin duen lehenengo agerraldian, Salamancan.

Luis Tudanca PSOEren hautagaiak, berriz, hauteskundeetan porrot egin duela onartu du, eta esan du "beste batzuk" iritsiko direla eta lortuko dutela "aldaketa hona iristea".

Horixe adierazi du hunkituta Tudancak, PPren hautagaia zoriondu ostean. Ez du argitu alderdiaren zuzendaritza utziko ote duen, baina aurreratu du astelehenean bertan batzarra egingo dutela emaitzak aztertzeko eta erabakiak hartzeko.

Santiago Abascal Voxeko presidentearen hitzetan, bere alderdiak "gobernua osatzeko eskubidea eta betebeharra du".

Buruzagi ultraeskuindarraren arabera, Juan Garcia-Gallardo hautagaiari "presidenteorde aurpegia jartzen ari zaio".

PSOEk irabazi du Trebiñuko barrendegian

Bestalde, PSOE izan da alderdirik bozkatuena Trebiñuko barrendegia osatzen duten udalerrietan, Trebiñun eta Argantzonen, igande honetan egin diren Gaztela eta Leongo hauteskundeetan.

Trebiñun, bertan emandako 402 botoetako 111 eskuratu ditu PSOEk (% 26,68). PPk, bestalde, 101 boto lortu ditu (% 26,10) eta Podemos-IU-AVk, 71 boto (% 18,35).

Voxek, berriz, 51 boto eskuratu ditu (% 13,81eko babesa), España Vaciada taldeak 22 boto, Pacmak 11, PCTEk 5, Ciudadanosek 4, EBk 3 eta Partido Castellanok, bakarra.

Argantzonen ere, PSOE izan da alderdirik bozkatuena, emandako 156 botoetako 46 jasota (% 30,07ko babesa), eta Podemos-IU-AV geratu da jarraian, 35 botorekin (botoen % 22,88).

PPk 30 boto jaso ditu, Voxek 20, España Vaciadak 11, Pacmak 3, Ciudadanosek 2, Partido Castellanok 2, eta EB taldeak, bakarra.