Politika
upn
i.l.k. | eitb media
UPNko diputatuak alderdiko Zuzendaritza Batzordearen erabakia baloratu du, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean. "Alderdi honen historian zehar izan dira espero zena bozkatu ez dutenak, eta ez dituzte kanporatu", adierazi du.
Carlos Garcia Adanero. Argazkia: EITB Media
Ostiral honetan Radio Euskadiko Ganbara saioan eskainitako elkarrizketa batean, Carlos Garcia Adanero UPN taldeko diputatuak alderdiko Zuzendaritza Batzordearen erabakia baloratu du. Izan ere, berari eta Sergio Sayas diputatuari formalki aktak itzultzeko eskatu diete, bestela kanporatzeko prozedura abiatuko baitute "diziplina ezagatik".
Diputatuaren arabera, "ez dauka zentzurik akta eskatzeak alderdiak eskatu duenaz bestelako boza emateagatik", eta erabakia "gehiegizkoa" dela uste du. Ez du adierazpenik egin diputatu-aktaren emateari buruz, baina argitu du ezin duela "ezelako ikuspuntutatik babestu" eta, beraz, "Diziplina Batzordeak baloratu" beharko duela.
Era berean, gogorarazi du "alderdi honen historian zehar" izan direla "espero zena bozkatu ez dutenak, eta ez dituzte kanporatu".
Ildo beretik, aitortu du "deigarri" gertatu zaiola "ni kanporatzeko interes handia duen jendea dagoela ikustea", baina argitu du ez duela "gibel-asmorik" ezta alderdi barruko desadostasunik izan irizpidetzat boza emateko garaian, eta gogora ekarri du berriki Esparza babestu zuela Kongresuan.
Edonola ere, nabarmendu du alderdian jarraitzeko "borrokan" jarraituko duela: "25 urte daramatzat UPN-n eta etxetzat daukat".
Biren arteko erabakia
Berak eta Sayasek botoa zergatik iragarri ez zuten galdetu diotenean, azaldu du bazekitela alderdiaren azken erabakia zein zen, baina "ez genekien zehazki nondik zetorren boto hori". Zehaztu duenez, "informazio hori goizean jasoko genuelakoan geunden, eta esku-hartzeko garaia iritsi zenez eta berririk ez genuenez, lan-erreformaren aurka bozkatzea erabaki genuen".
"Bion erabakia izan zen, ez genion inori berririk eman", gaineratu du, eta argudiatu du Esparzaren deiaren zain zeudela, "zer gertatzen zen jakiteko".
Alderdiak baiezko botoari buruz helarazi zien eskaeraren inguruan esan duenez, "kontua ez da akordioa ona edo txarra zen, alderdiko zuzendaritzak ezagutzen ez zuela baizik, eta geuk ere ez". Azpimarratu du ez dutela "negoziatzen ari zirenaren berririk izan", eta "esan ahal izan" zietela.
Kritikak eta babesa
Adanerok gogorarazi du ez dituztela kritikak bakarrik jaso, eta esan du ezin diela erantzun "babestu nauten eta nirekin dauden afiliatu guztiei, baita kalean ere".
Bestalde, Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiak PPk "euren borondateak" erosi zituela egotzi zien, eta diputatuak erantzun duenez, "onartezina deritzot erosi gaituztela iradokitzeari". "Batzuek printzipioak ditugu, eta ulertzen dut berak ez dituela", amaitu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa