20:25

Politika

Lan-erreforma

PDeCATek eta UPNk aldeko botoa iragarrita, Espainiako Gobernuak lan-erreforma onartzeko gehiengoa lortu du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

PDeCATek eta UPNk arratsalde honetan jakinarazi dute lan-erreformaren alde bozkatuko dutela eta, ondorioz, Pedro Sanchezen Gobernuak bermatuta dauka dekretuaren onespena Kongresuan, eta ez ditu ERC, EH Bildu edo EAJren botoak beharko.

  • Yolanda Diaz Lan ministroa Kongresuan. Argazkia: EFE

    Yolanda Diaz Lan ministroa Kongresuan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak dagoeneko bermatuta dauka CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostu zuen lan-erreformaren onespena Kongresuan. PDeCATek eta UPNk arratsalde honetan jakinarazi dute dekretuaren aldeko bozkatuko dutela, eta diputatu horien babesa ziurtatuta, Pedro Sanchezen Exekutiboak badaki gehiengoa izango duela ostegun honetako bozketan.  

Ezustekorik ez bada, Alderdi Sozialistak, Unidas Podemosek, Ciudadanosek eta alderdi txikiek (PDeCAT, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias, Coalicion Canaria, Teruel Existe eta PRC) bozkatuko dute lan-erreformaren alde. Gauzak horrela, ERCren, EH Bilduren eta EAJren botoak ez dira erabakigarriak izango.

Edonola ere, Espainiako Gobernuak ez du negoziazioa amaitutzat eman eta ERCren gaineko presioa areagotu egin du azken orduetan, lan-erreformarekin bat egin dezan. Hala egin ezean, Katalunian Podemosek Pere Aragonesen Gobernua sostengatzeari utziko duela mehatxu egin dute.

Komunen iritzian, ERCk dekretua babesten ez badu, bi alderdien arteko konfiantza hautsiko da. Ildo berean, interes alderdikoiak leheneste egotzi diote errepublikanoei.

PSOEk eta Unidas Podemosek lan-erreformaren indargabetzea agindu zutela gogoratu du Rufianek

Bestalde, Gabriel Rufianek Yolanda Diaz Lan ministroari aurpegiratu dio ez duela "benetako negoziaziorik" abiatu eta lan-erreforma indargabetuko zutela agindu zutela.  

"Azken minutura arte egongo zain, baina negoziatzeko hitz egin behar da, eta egun beren kontakizuna salatzea lehenetsi dute", deitoratu du.

Diazek, baina, ukatu egin du Rufianek esandakoa eta azpimarratu du proposamen zehatzak jarri dituztela mahai gainean, baina ez dutela erantzunik jaso ERCren aldetik.

"Badakizuenez, Gobernu hau ez da inoiz mahaitik altxatzen. Denbora badago eta ERCri seriotasunez negoziatzeko deia luzatzen diogu", erantsi du Lan ministroak.

Horrez gain, Diazek baieztatu du EAJrekin ere hizketan ari direla. Jeltzaleek azken egunotan ez dute adierazpenik egin, baina baldintza bakarra jarri zuten lan-erreforma babesteko: erkidegoetako lan-hitzarmenak lehenestea, Estatukoen aurrean.

EH Bilduk berretsi egin du kontrako botoa, aldaketarik ez badago

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak berretsi egin du koalizio soberanistak lan-erreformaren kontra bozkatuko duela, baina azken unera arte eskua luzatuta izango dutela, "langileei kendutako eskubideak berreskuratzeko".

Pedro Sanchezen koalizio-gobernuak Ciudadanosekin bat egin duela eta, "inbestiduraren blokean zauria" eragingo duela ohartarazi du, "arrakala definitiboa" izango ez bada ere.  

EH Bilduk lan-erreforma baliogabetzeko konpromisoa hartu zuela eta PSOErekin eta Unidas Podemosekin horretarako ituna bat egin zutela gogoratu du. "Baina orain planteatzen digutena erreforma partzial bat da, eta ez derogazioa", kritikatu du.

Lan Ministerioarekin etengabeko harremana dutela adierazi du, baina deitoratu du ez dela "benetako negoziaziorik izan". Koalizio soberanistak testuan hainbat aldaketa egitea proposatu du, besteak beste, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordainak jasotzeko, Euskal Herriko lan-hitzarmenak lehenesteko edo lan-erregulazioak erakunde publikoek kontrolatzeko neurriak hartzea.

"Aldaketa horiek ez diote langileei inolako kalterik egiten. Eurek azaldu beharko dute zergatik ez dituzten onartu nahi", adierazi du Matutek.  

Bitartean, Euskal Herriko sindikatu nagusiak kalean mobilizatu dira, EAJri eta EH Bilduri lan-erreforma babestu ez dezatela eskatzeko, dekretuan zuzenketak egiteko aukerarik egongo ez bada.  

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena