Politika
Negoziazioa
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Gobernuko hiru ministrok alderdiei "erantzukizuna" eskatu diete astelehen honetan, gehiengo batek, tartean EAJ eta ERC inbestidurako bazkideek, dekretua ostegunean berresteko.
Lan-erreformaren aurkako protesta larunbatean, Bartzelonan. Argazkia: EFE
Informazio gehiago (1)
Lan-erreformaren dekretua luzapenean sartu da dagoeneko, botoak oraingoz bermaturik izan gabe. Gauzak horrela, Espainiako Gobernuko hiru ministrok alderdiei "erantzukizuna" eskatu diete astelehen honetan, gehiengo batek, tartean EAJ eta ERC inbestidurako bazkideek, dekretua ostegunean berresteko.
Lan-erreformaren eztabaida Kongresura iristeko lau egunen faltan, Espainiako Gobernuak eta indar politikoek ez dute argitu dekretua aurrera aterako den ala ez. Ciudadanosen eta indar politiko txikien babesarekin edo ERCren eta EAJren sostenguarekin aurrera egin dezake dekretuak. Diskrezioz negoziatzen jarraitzen dute.
Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Lurralde Politikarako ministroak errepikatu duenez, Exekutiboak gehiengoaren babesa bilatzen jarraitzen du. Espainiako patronalarekin eta sindikatuekin adostutako erreformari "zilegitasuna" emateko eskatu du. Margarita Robles Defentsa ministroak esan duenez, Ciudadanosek aldeko botoa emateak ez lioke enbarazurik egingo.
"Zenbat eta aldeko boto gehiago izan hobeto, eta araudi bat ona eta akordio sozialaren emaitza baldin bada, inork ez luke konplexurik izan beharko", adierazi du Roblesek Onda Ceron. Ione Belarra Berdintasun ministroak ere ez du Ciudadanos "gehiengoa sendotzeko" aukera txarra ikusten.
Hala ere, Belarrak "bazkideak lagun izatea" lehentasuna dela ohartarazi du TVEn.
Sozialistek dekretua aldaketarik gabe baliozkotu behar dela errepikatzen duten bitartean, Unidas Podemosek ERCren babesa lehenesten jarraitzen du. PSOEk, ostera, ez du alderdirik baztertzen.
Yolanda Diazek Kataluniara egindako bisitak "emaitzak ematea" espero du Unidas Podemosek, baina Marta Vilalta ERCko bozeramaileak ohartarazi du gaur kontrako botoa emango luketela. Vilaltak Espainiako Gobernuaren "immobilismoa" kritikatu du, "negoziatu nahi ez duelako".
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak "maila emateko" eskatu die ERC, EAJ, EH Bildu eta BNGri, "hanka-sartze historikoa" ez egiteko; izan ere, dekretuak ez du "amaiera" suposatzen.
Felipe Sicilia PSOEko zuzendaritzaren bozeramaileak gauza bera eskatu die indar politikoei. Ez du alderdien babesik baztertu nahi izan, ezta Ciudadanosena ere.
Bere 9 diputatuak aldeko alderdien aritmetikan sartuko direla uste du Ciudadanosek. Horrela, Ines Arrimadas alderdi laranjako presidenteak esan duenez, EH Bilduk eta ERCk "ez dute nahi dutena lortuko" eta borroka galduko dute.
Oraingoz dekretuak PP, Vox, EH Bildu, JxCAT, BNG, CUP eta Foro Asturiasen kontrako botoak ditu; PSOEk eta Unidas Podemosek, ostera, Cs, PDeCAT, Mas Pais, Teruel Existe, Nueva Canarias, Coalicion Canaria, Compromis eta UPNren babesarekin nahikoa lukete 176 diputaturen gehiengoa lortzeko.
Bestalde, botoa "aldatzeko aukerarik ez" dagoela errepikatu du PPk, lan-erreformak ez duelako enplegurik sortuko eta "atzerapausoak emateko kontrarreforma" bat delako, eta Alderdi Popularrak "aurrera egin nahi du, ez atzera", Cuca Gamarra Kongresuko PPren bozeramaileak azaldu duenez.
Azkenik, PDeCATek ez du asteazkenera arte jarrera erabakiko. Kataluniako alderdiak ezohiko bilera egingo du bere lau ordezkarien botoa erabakitzeko. Hala ere, alderdiko iturriak akordioaren alde agertu dira azken asteetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa