Politika
RADIO EUSKADI
EITB MEDIA
PPren diputatuak salatu duenez, Pedro Sanchezek ez du bere alderdiko inor deitu lan arloko gaiei inguruan hitz egiteko. Pablo Montesinosen esanetan, Alderdi Popularra prest dago lan malgutasunean aurrerapausoak emateko.
Pablo Montesinos, Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Pablo Montesinos PPren idazkariorde adierazi duenez, popularrak "hasieratik" egon dira Pedro Sanchezen gobernuak patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako lan erreformaren aurka. Diputatuen Kongresuko ordezkari ere badena kexu mintzatu da, haren esanetan, ez dutelako gobernuaren deirik jaso gaiari buruz hitz egiteko. Horregatik, ohartarazi du Alderdi Popularra ez dela "Pedro Sanchezen salbatzaile" izango. Montesinosen ustez, Espainiako presidenteak "bazkide erradikalenak pozik uzteko" egin du lan kontraerreforma hori, eta, ildo horretan, Pedro Sanchezen ahultasun politikoa "ukaezina" dela adierazi du. Montesinosen arabera, "lehen", Gobernuko presidenteak oposizioko buruarekin hitz egiten zuen, eta oraingoan ez omen dute ezertaz hitz egin, ezta lan arloaz ere. Zentzu horretan, argi utzi du PPk "motxila austriarra" ezarri nahi duela. Moncloak egindako presioa handia izanagatik ere, PPk lan erreformari emandako ezetza ezezko argia dela aldarrikatu du. Dena dela, koalizio gobernuak PPren jarrera zein den jakin nahi badu hitz egiteko prest daudela gaineratu du. Era berean, uste du lan erreforma lege proiektu gisa izapidetu behar zela hasieratik.
Gaztela eta Leongo hauteskundeen inguruan galdetuta, Montesinosek aipatu du Aznar presidente izandakoa kanpainan parte hartzen ari dela Fernandez Mañueco hautagaiari babesa emateko eta PPren inguruan botoa batzen ahalegintzeko. Itxaropentsu agertu da eta gehiengo zabala lortuko dutela uste du. "Gaztela leondarrek irteerako atea erakutsiko diote Sanchezi". Are gehiago, haren hitzetan, Sanchezek hori badaki eta horregatik ez da kanpainan ia parte hartzen ari. "Gaztela eta Leongo hauteskundeak inflexio puntua izango dira Espainiako politikagintzan, eta presidentearen atzerako kontaketa hasi da", zehaztu du.
Europako diru funtsei lotuta salatu duenez, sozialistek agintzen duten udalerriak izan dira onura gehien jaso dutenak eta galdetu du zergatik egin duen Espainiako Gobernuak banaketa "sektario" hori. Azaldu duenez, PPk "funtsen bilakaera kudeatzeko agintaritza independente bat sortzea" eskatu zuen, eta Pedro Sanchezek horri uko egin zion. Horregatik, banaketa hori salatzen jarraituko dutela aurreratu du.
Amaitzeko elizaren barruan sexu abusuak egon badira horiek salatu egin behar direla esan du, justiziak bere bidea egin dezan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa