13:35

Politika

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

"Herri gogoa berpiztu" eta "sarea indartu" nahi ditu Gure Eskuk 'Pirinioetako Bidea' ekimenarekin

INTZA UNANUE | EITB MEDIA

Erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari diren Euskal Herriko eta Kataluniako herri mugimenduek elkarrekin antolatu duten lehendabiziko mobilizazioa da. Uztailaren 2an izango da ekimena, 'Pirinioetako Bidea' izenpean.

  • ''Pirinioen Bidea'' ekimenarn aurkezpenean, Bilbon.

    "Pirinioen Bidea" ekimenarn aurkezpenean, Bilbon.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pirinioetako 300 tontorretik gora argiztatu eta mutur batetik bestera argi lerro bat osatuko dute, Higer lurmuturretik Creusera, Mediterraneo itsasoa eta Atlantiko ozeanoa lotuz. Euskal Herriaren eta Kataluniaren subiranotasuna aldarrikatu eta "nazioartean" arreta bereganatzea helburu badute ere, "jende berria batzera" ere bideratu dute ekimena, "taldeetan erreleboak emateko eta sarea indartzeko bidea aurkitzeko".  

Gaur eguerdian izan da aurkezpen ekitaldia Bilboko Bizkaia aretoan. Gure Eskuko kideez gain, Felipe Uriarte alpinistak, Antton Telleria umoregileak, Garazi Etxaburu dantzariak eta Eñaut Zubizarreta biolontxelo-joleak hartu dute parte. Bideo bidez ere bertan izan dira Cuixart (Omnium Cultural), Elisenda Paluzie (ANC Assemblea Nacional Catalana) eta Jordi Merino (FEEC Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya). 

Ekimena deitu duten elkarteetako bozeramaileek salatu dutenez, Espainia eta Frantziako estatuek "gatazka demokratiko bat" eragin dute "erabakitzeko askatasuna ukatuz" eta Euskal Herriaren zein Kataluniaren "aurkako errepresioa" erabiliz.

"Munduko nazio guztiek bezala, autodeterminazio eskubidea dugu. Horregatik, prozesu bat egiteko, adosteko eta bultzatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Gure etorkizuna erabaki ahal izateko", gehitu du Amalur Alvarezek, Gure Esku plataformako bozeramaileak.

Pirinioetatik "mezu argi bat" bidali nahi dute mugimendu herritarrarekin: "Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu". Izan ere, azpimarratu dutenez, "demokrazia eta askatasun" kontu bat da.

Agerraldiari amaiera emateko bozeramaileek argi utzi dute, gailurra ez dagoela Pirinioetan, gailur edo helburua 'zortzimilako' bat dela: "Herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko".

Jaizkibeletik Benasqueraino

Pirinioetan argiztatuko diren gailur guztietatik 115 egokitu zaizkie euskal herritarrei, Jaizkibeletik hasi eta Benasqueraino (Huesca). Tontor 'berdeak' eta 'gorriak' bereizi dituzte; 'berdeak' jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak, eta beraz, izen-ematea irekia izango da martxotik aurrera. Gorriak, aldiz, mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak, honenbestez, mugatua izango da. Azken honen izen-ematea zabalik dago jada, www.pirinioetakobidea.eus webgunearen bidez.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena