17:35

Politika

Ekitaldia BECen

2022a lan-erreforma berriarekin hasiko dela esan du Diazek eta "kontratu arrunta mugagabea" izango dela

agentziak | eitb media

Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak, berriz, adierazi du EAEn posible dela "argi eta garbi ezkerrekoa den gobernu bat", EH Bilduren, PSE-EEren eta alderdi morearen balizko itunari erreferentzia eginez.

2:22
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak adierazi duenez, 2022an lan-erreforma berria indarrean dela hasiko dela, eta Espainiak "enpleguaren egonkortasunean oinarritutako lan-harreman eredu" izango duela, eta ondorioz, kontratu arrunta kontratu "egonkorra eta mugagabea" izango dela.

Euskadiko Podemosek ekitaldia egin du gaur Barakaldoko BECen, "militantziarekin eta gizarte zibilarekin batera etorkizuneko erronkei" nola aurre egin eztabaidatzeko.

Gaurko ekitaldian, Yolanda Diazez gain, Ione Belarra Podemosen idazkari nagusia ere izan da, Maria Eugenia Palop eurodiputatuarekin eta Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiarekin batera, besteak beste.

Bere hitzaldian, Yolanda Diazek lan munduan "begiradak zabaltzearen" alde egin du. Mundu mailan arazo nagusia "berdintasunik eza" dela esan du eta Espainian "prekarietatea". "Behin-behinekotasuna ia berdina da lehen gobernu demokratikotik gaur egunera arte, % 26ra iristen da. Ez da ezer egin hori zuzentzeko, hori izan baita defendatu den eredua", deitoratu du.

Testuinguru horretan, "behin-behinekotasun eta prekarietate parametroetan oinarrituta" dagoen lan-harremanen eredua aldatzea "posible" dela azpimarratu du eta Europar Batasunean dauden eredu batzuetara hurbiltzeko apustua egin du.

"Langileen % 13 pobrea izateak oso gaizki hitz egiten du gutaz"

Diazek defendatu duenez, hori lortzeko, ohiko kontratuak kontratu "egonkorra eta mugagabea" izan beharko du. "Hori da egingo duguna. Lan-harremanek egonkorrak izan behar dute bizitza egonkorrak izateko. Langileen % 13 pobrea izateak oso gaizki hitz egiten du gutaz" salatu du.

Diazen hitzetan, horrek ez du esan nahi aldi baterako kontraturik egongo ez denik, baina kontratu horiek "arrazoi bati erantzun" beharko diotela argitu du.

"Lan duina erdigunean jartzen duen mundu berri bat eratzen ari gara", ziurtatu du Diazek, eta 2022rako "zeregin handietako bat", "lan erreforma berriarekin batera", "demokrazia lanean, demokrazia ekonomikoa eta demokrazia enpresan" jorratzea izango dela gaineratu du.

Yolanda Diaz BECen. Argazkia: EFE

Yolanda Diaz BECen. Argazkia: EFE

Ione Belarra: "Euskadik argi eta garbi ezkerrekoa den gobernu bat eduki dezake"

Ione Belarra nafarra izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta adierazi du, "zailtasunak zailtasun", PSOErekin koalizioan duten Espainiako Gobernua dela "pandemiari aurre egiteko eta berreraikuntzari ekiteko onena". Hala eta guztiz ere, imajina dezakeen onena "Yolanda Diaz buru duena" dela azpimarratu du.

Hala, Podemosen idazkari nagusi eta Eskubide Sozialen eta Agenda 2030en ministroak "Yolanda Diaz buru izango duen" Espainiako Gobernuaren aldeko apustua egin du. Era berean, azpimarratu du EAEn posible dela "argi eta garbi ezkerrekoa den gobernu bat".

Euskadik "benetako alternatiba aurrerakoia eta eraldatzailea" behar duela adierazi du, euskal herritar guztien eskubideak defendatuko dituena, eta ezinezkoa dela diotenak "bipartidismoa ezin zela amaitu, ezin zela Rajoy egotzi edo gure alderdiak ezin zuela gobernuaren parte izan zioten berberak" direla. "Baina ondo dakigu ahal dela: Euskadik argi eta garbi ezkerrekoa den gobernu bat eduki dezake", gaineratu du.

Hala eta guztiz ere, uste du une hori iristeko beharrezkoa dela Podemos "ahalik eta indartsuena izatea, gizarte zibilarekin, gazteekin, sindikatuekin eta herritarrekin osatzen ari garen espazio zabalarekin" batera.

Garrido, Palop eta Diaz. Argazkia: EFE

Garrido, Palop eta Diaz. Argazkia: EFE

"Euskadin aldaketa bat egoteko eta ados jarri behar direnak elkar uler daitezen, ezinbesteko baldintza da Podemos Ahal Dugu indartsu egotea eta gehiengo berri bat osatu ahal izatea", adierazi du.

Bestalde, Pilar Garrido Podemos Euskadiren koordinatzaile nagusiak gogorarazi du une "zailak" bizi dituztela covid-19a dela eta, agerian utzi baititu "ongizate estatuaren pitzadurak".

Pandemiak gogorren "herrialde txiroei eta emakumeei" eragin diela gaitzetsi ostean, "babes sozial ereduaren gabeziak" deituratu ditu. "Gure herri ereduak ez ditu berdin babesten pertsona guztiak", ziurtatu du.

Azpimarratu du Podemosek "herri proiektua" duela, "segurtasuna eta bermea" eskaintzen duena. "Gazteentzat etorkizuna, lan duina eta etxebizitza izango duen herri batekin egiten dugu amets", berretsi du.

Bere esanetan, alderdi morea da "zentralitatea", eta ez du "motxila edo konplexurik". "Herri honetako gobernu alternatiboa gara. Euskadik aldaketa uneak bizi ditu. Euskal politikaren joko-zelaia kolokan dago, eta berregituraketa Podemos indartzen egin beharra dago, euskal gehiengo sozialekin konektatzen duen espazioa zabaltzen. Euskal espazio bat, ezkertiarra, anitza eta inklusiboa", defendatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena