Politika
Hiri Antolamendu Legea
O.P. | EITB Media
EAJri eta PSE-EEri Lurralde Antolamenduaren Legearen aldaketan Interes Orokorreko Proiektuen irizpidea ez sartzeko eskatu diete, "Udalek hartutako erabakiak baliogabetzea ekarriko lukeelako".
EH Bilduko udalburuak, gaur Donostian. Argazkia: EH Bildu.
EH Bilduko alkateek adierazpen bat egin dute gaur Donostian, EAJ eta PSE-EE alderdiek Hiri Antolamenduaren Legea aldatu eta Interes Orokorreko Proiektuen figura juridiko berria sortzeko duten asmoaren aurka.
"Eusko Legebiltzarrean gauzatu asmo duten Lurralde Antolamenduaren Legearen aldaketa salatzera gatoz", esan dute; "Ezaguna da EAJ eta PSEk aldaketa honen bitartez Interes Orokorreko Proiektuen figura berria sortu nahi dutela, udalen plangintza urbanistikoa edozein delarik ere, horien gainetik bere proiektuak inposatzeko asmoz. Hala, ostegun honetan bertan adostu nahi duten aldaketaren bidez, atea zabaltzen zaio Eusko Jaurlaritzak, aldebakarreko moduan, erakunde eskudun eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzeko edo de facto deuseztatzeko. Eta hau ez da demokratikoa", azpimarratu dute.
Xabier Lertxundik (Hernani), Agurtzane Solabarrietak (Usurbil), Gurutze Etxezabalek (Orexako alkateordea), Iñigo Gazteluk (Larrabetzu), Egoitz Garmendiak (Otxandio), Iratxe Arriolak (Ea) eta Erika Letamendik (Donemiliaga) osatutako ordezkaritzak udal autonomia aldarrikatu du. "Udalak gara euskal erakunde sisteman maila beherekoenean gauden erakundeak. Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiek baino ahalmen gutxiago dugu. Baina aurrekontu zein ahalmen ekonomiko gutxiago izateak ez gaitu gure herritarren aurrean txikiago egiten; udaletatik gauzatzen ditugun ekimen eta proiektuekin gainontzeko erakundeek bezain beste, eta batzuetan baita gehiago ere, hobetzen baitugu gure herritarren bizitza", adierazi dute.
Gobernuko alderdiak "demokraziaren aurkako erasoa" egiten ari direla salatu dute eta gaineratu dutenez, "hitza eta erabakia lapurtu nahi digute; ez bakarrik alkateoi, herritarrei ere bai. Herritarrek lau urtean botoa ematea baino askoz sakonagoa da jardun demokratikoa EH Bilduko alkateontzat".
Udalen eskumenak (ekonomikoak, legegileak edo ordenamendukoak) "herritarren bizitza hobetzeko funtsezko tresnak" direla azpimarratu dute, eta, horregatik, udalen parte-hartzea defendatu izan dute "plangintzak zehazteko orduan".
Alkateen arabera, "Hirigintza-eskumena da udalek betetzen duten eginkizun garrantzitsuenetako bat. Batetik, udalerriaren etorkizuna antolatzeko eta eraikitzeko, eta, bestetik, udalerriaren lurraldea eta biztanleen ongizatea babesteko. Lurralde Antolakuntzari buruzko Legea aldatzeko asmoak, zalantzarik gabe, tokiko demokrazia murriztea dakar; izan ere, udalerrian herritarren parte-hartzearen bidez erabakitakoa baliogabetuko" duelako, salatu dutenez.
Era berean, aldaketa hori "presaka" egin nahi izatea kritikatu dute, udalei hitzik eman gabe. Azpimarratu dutenez, "ingurumenaren babesari erantzuten dioten beharrizanak era planifikatu, ordenatu eta adostuan gauzatu behar dira; gure herriak etorkizun hurbilean aurre egin beharko dien erronka guztiei bezala; ez presaka, atzeko atetik, eta inposizioaren bidez".
Gainera, ingurumen-irizpidea zertan datzan galdetu dute, izan ere, diotenez "ez da inon definituta ageri, eta jakin badakigu zer den Eusko Jaurlaritzak ingurumen hobekuntza gisa ulertzen duena: AHT-a, erraustegia, fracking-a, diesel kotxeei laguntzak ematea".
Eudelen baitan ere aldaketak geldiarazten saiatu da EH Bildu, eta hainbat txosten eskatu ditu lege aldaketak udaletan izango duen eragina aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak elkarrizketarako bidea ireki behar duela azpimarratu dute, eta gainerako alderdietako udal ordezkarien interes falta "utzikeria salagarritzat" jo dute.
Salaketa Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak abenduaren 2ko osoko bilkuran salatu zuenez, "ekimena bide bermatzaileagoen eta demokratikoagoen bidez aurrera ateratzeko gehiengoa izan arren" (lege-proposamena edo lege-proiektua), gobernuko alderdiek zuzenketa partzialen bidea aukeratu dute, "okerrena, berme demokratiko gutxien duena".
Izan ere, Oterok salatu duenez, "horrela egin denez, zuzenketen atzeko atetik, Aholku Batzorde Juridikotik pasatzea eragotzi da, eta Legebiltzarrak errealitate juridiko berri horri buruzko erabaki informatu bat ematea edo hartzea eragotzi du". Gaineratu zuenez, "Udalek ezin izan dituzte beren eskumenak defendatzeko mekanismoak aktibatu, eta, gainera, Euskadiko Tokiko Gobernuen Kontseiluak esku hartzea eragotzi da".
Legebiltzarkideak adierazi zuenez, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea urratzen ari dira, "91. artikuluan, argi eta garbi esaten baitu, hau bezalako xedapen orokorrak, udalerrien eskumen propioei berariaz eragiten dietenak, hirigintzakoak kasu, Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeak aldez aurreko nahitaezko txostena" behar dutela eta arau hori ez litzateke betetzen ariko.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak eta Donostiako alkate ohiak, abenduaren 2ko osoko bilkuran, figura juridiko berria "zentzugabekeria" dela esan zuen. Erabakiaren atzean "gobernantza eredu inposatzailea bat" dagoela salatu du, "herritarrei bizkarra emanez, herritarrak entzun gabe gobernatzen duena" eta "herritarrek nahi dituzten eta plangintzetan islatu dituzten erabakiaren kontra" doana.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa