12:12

Politika

Espainiako aurrekontuak

EH Bilduk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestuko ditu

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

"Ezkutu sozialeko" neurriak "lege bihurtuta iraunkor" egitea adostu du koalizio subiranistak. Halaber, amiantoaren biktimentzako funtsa sortuko dela nabarmendu nahi izan dute, baita ETB3 "Nafarroan osoan" ikustarazteko Espainiako Gobernuak erakutsitako konpromisoa ere.

1:07
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk Espainiako Aurrekontu Orokorrak babestuko ditu, gaur Arnaldo Otegik iragarri duenez. Erabakia EH Bilduren mahai politikoak hartu du, negoziazioan izandako "aurrerapenak" kontuan hartuta.

Arnaldo Otegik eta Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, larunbatean egindako manifestazioaren balorazioa egiteko eta Espainiako aurrekontuen harira iragarpena egiteko.

Otegik eman du erabakiaren berri, eta Aizpuruak zehaztu ditu akordioren nondik norakoak. EH Bilduren koordinatzailearen esanetan, "eskertzekoak" dira ERCk ituna lortzeko egindako "ahalegina" eta Unidas Podemosek horren ildoan emandako "laguntza".

Hiru konpromiso politiko

Mertxe Aizpuruak xehatu ditu akordioaren nondik norakoak eta "hiru konpromiso politiko" erdietsi dituztela gaineratu du.

Lehena, "ezkutu sozialeko" neurriak, hots, pandemia dela-eta gizarte babeserako hartutakoak, "egiturazko eta eskubide" bihurtzearena nabarmendu du Aizpuruak.

Zehazki, "bizitoki alternatibarik gabeko etxegabetzeen debekua eta ekonomikoki egoera zaurgarrietan dauden familien alokairu-errentaren ordainketa aldi baterako etetea jasoko du Etxebizitza Legeak tramite parlamentarioan zehar". Horrez gain, Lege hori onartu bitartean, "Espainiako Gobernuak aldi baterako irtenbide bat bermatuko" duela hitzeman du.

"Garrantzi handiko lorpen soziala da honakoa", Aizpuruaren hitzetan, "etxegabetzeek pertsona horien oinarrizko eskubideak urratzen dituzte eta familia zaurgarri horiek babesteko justiziazko neurri bat" dela iritzita.

Bestalde, amiantoaren biktimei kalte-ordainak emateko 25 milioi euroko diru-funtsa sortzeko ituna ere gogora ekarri du EH Bilduren diputatuak. Horren ustez, "Euskal Herriko eremu industrialetan zein Estatuko lurraldeetan amiantoaren ondorioz kaltetutako pertsonekin erakundeek zuten zor historikoa kitatzen eta urteetako bidegabekeria arintzen lagunduko du".

Zehaztu duenez, gehienez "bi hilabeteko epean" funts hori sortzeko tramitazioa desblokeatuko dute Kongresuan. Hala, "aste gutxiren buruan kaltedunei erantzun integral bat" emateko moduan izango dira.

Horrez gain, hirugarren konpromiso bat ere adostu dute Sanchezen gobernuarekin: "ETB3 katea Nafarroa osoan emititzea". Emisio hori 2022. urtea amaitu aurretik gauzatuko da, Aizpuruak zehaztu duenez, eta aipatu du "aurrerapauso garrantzitsua" izango dela "euskararen erabilera normalizatu eta sustatzeko bidean".

Inbertsioen alorrean, hiru azpimarratu ditu EH Bilduko Kongresuko bozeramaileak: euskarazko hedabideen ikus-entzunezko eduki eta baliabideak digitalizatzeko 500.000 euroko partida; Pasaia-Antxoko (Gipuzkoa) Luzuriaga fabrikan proiektu kultural bat martxan jartzeko adostutako sei milioi euroak, eta hirugarrenik, Lesakako (Nafarroa) erdigunetik zirkulazioa ateratzeko saihesbidea (500.000 euro).

"Gaur albiste onak eman dizkiegu herritarrei eta pozten gara horregatik. Askotan esaten dugu EH Bildu akordioetan dagoenean, eskubideetan irabazten dugula, guztiok irabazten dugula", aldarrikatu du.

Larunbateko manifestazioa eta EAEko aurrekontuak

Aurrekontuen iragarpenaz gain, beste bi gai izan ditu hizpide Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. "Lortu arte" lelopean azaroaren 20an egindako manifestazioari buruz, Otegik esan du "indar erakustaldi" bat izan zela, "independetismoak punch-a galdu dutela" dioten horien aurrean. Halaber, nabarmendu du bertaratutako milaka herritarrek "diziplina handia" erakutsi zutela musukoa jantzita eraman zutelako.

Azkenik, EAEko aurrekontuen negoziazioaz galdetuta, EH Bilduko buruzagiak aitortu du Jaurlaritzak egindako "kontra-proposamena aztertzeke" duela EH Bilduren mahai politikoak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena