Politika
Biktimak
Agentziak | Eitb Media
Amaia Martinezek (VOX) Urkulluri leporatu dio oraintsu Euskadin izan diren Europako Parlamentuko taldeekin elkartu ez izana. Lehendakariak erantzun dio, saiatu zirela haiek Gobernuarekin biltzea agendan sar zezaten, "alferrik baina".
Memoriaren eguneko ekitaldia, joan den asteazkenean, Legebiltzarrean. EiTB.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur azaldu duenez, datorren abenduaren 17an ETAren 50 biktima ingururen familiei kasu bakoitzaren gainean "dagoen egia guztia" jasotzen duten txostenak helaraziko dizkie; txosten horietan "aitormen pertsonalizatu, gizakoi eta etikoa" egiten da erakunde autonomikoaren aldetik.
Lehendakariak Amaia Martinez Vox-eko parlamentariari erantzunez egin ditu adierazpenok; izan ere Martinezek Urkulluri leporatu dio ez zela bildu oraintsu Euskadin izan diren Europako parlamentari taldearekin. Argitu gabe dauden ETAren 379 hilketen gaineko informazio biltzera etorri ziren haiek eta Martinezek esan duenez, "epaile, segurtasun indar eta biktimekin" haiekin bai bildu ziren.
"Erakundeetan ordezkari zaren heinean, zure betebeharra da aurpegia ematea, era aktiboan parte hartzea eta biktimen justizia lortzeko eskura duzun guztia egitea", esan dio Urkulluri.
Lehendakariak azaldu duenez, europar parlamentariak ez ziren Gobernuarekin ez eta Legebiltzarrarekin ere harremanetan jarri, "errespetu eta erakunde arteko kortesiak" agintzen duen moduan.
Gainera, azaldu du bide desberdinetatik eskatu zitzaiela haiek Eusko Jaurlaritzarekin biltzea agendan jaso zezaten. "Alferrikakoak izan ziren ordea saiakera denak", Urkulluk baieztatu duenez. Gaineratu du, Exekutiboak "erabateko prestutasuna" zuela bere iritzia eman eta argitu gabe dauden ETAren hilketak argitzeko lanean laguntzeko.
Ildo horretatik, gogorarazi du Euskadin martxan dagoela Memoria eta Aitorpen Koadernoak izeneko proiektua, biktima hauen senideek jasaten duten "min gehigarria" arintzen saiatzea bilatzen duena, "egiarako eta justiziarako duten eskubidean" laguntzearekin batera.
Urkulluk azpimarratu du Eusko Jaurlaritza "aitzindari" izan dela halako ekimen bat martxan jartzen. Gogorarazi duenez, 2014an, heriotza eragin zuten eta argitu gabe dauden ETAren atentatuen egoera prozesalari buruzko txosten bat eskatu zuen, eta horren ondorioek zioten atentatu horien % 70 1970eko hamarkadan eta laurogeiko hamarkadaren hasieran gertatu zirela.
"Esperientziak esaten digu oso zaila dela krimen horiek guztiz argitzea, baina ez dugu etsitzen", amaitu du Urkulluk.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa