14:22

Politika

Eskubideak

Urtarrilaren 8an Bilbon izango da Sarek deitutako ETAko presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazioa

Eitb Media

'Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako BIDEAN' da plataformak urtarrilaren 8an, 17:00etan La Casillatik aterako den manifestaziorako aukeratutako leloa eta dei egin diete herritarrei ez ezik, alderdi politikoei, sindikatuei, elkarte eta erakundeei ere, euskal presoen eskubideen alde mobilizatzera.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Presoen eskubideen alde Sarek urtarrilero egiten duen manifestazioa Bilboko kaleetara itzuliko da aurten. Urtarrilaren 8an izango da eta 17:00etan La Casilla plazatik abiatuko da. Iaz, pandemia zela eta, betiko formatua aldatu eta urtarrilaren 9an herrietan egin ziren mobilizazio eta elkarretaratzeak. 

Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako BIDEAN da plataformak aurtengo mobilizaziorako aukeratutako leloa. "Honekin adierazi nahi duguna da, bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela", azaldu dute antolatzaileek. 

Aurkezpen agerraldian esan dutenez, "bizikidetza ezinezkoa da euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa da bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak, elkarlotuta doaz".

Azpimarratu dutenez, halaber, bide hori ezinezkoa izango da "elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita". 

Horregatik, ontzat jo dituzte azken urtean egin diren aurrerapausoak "izan ere presoen hurbilketak, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri du presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere Euskal Herritik urrun, eta honela haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela".

Gaineratu dutenez, presoen "% 94k bigarren graduan jarraitzen du, eta 10 baino ez dira hirugarren graduan dauden presoak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean". Horietatik 52k baldintzapeko askatasunean egoteko eskubidea lukete, gainera, Sareko kideek azaldu dutenez eta % 90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, "horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako".

Horregatik guztiagatik, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen egoera bertan behera utzi eta haien eskubideak defendatzeko deia egin diete herritarrei ez ezik, alderdi politikoei, sindikatuei, elkarte eta erakundeei. "Denok batera, elkartuta egin ezean ez dugulako lortuko. Jarrai dezagun bidean. Orain da unea", azpimarratu dute. 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena