Politika
Nafarroari buruzko eztabaida
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren lehen saioan, "adierazle ekonomikoak onak" direla esan du, baina inflazioak eragindako "hodei beltzak" aintzat hartu behar direla ohartarazi. Horien aurrean, murrizketarik gabeko eta erkidegoaren aniztasuna bultzatuko duen eredu bat aldarrikatu du.
Chivite, bere hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako presidenteak elkarrizketa aldarrikatu du "akordioak bilatzeko tresna gisa" Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren lehen saioan, Nafarroako Parlamentuan. Buruzagi sozialistaren aburuz, "gure autogobernua indartsuagoa da gaur egun, eta frogatu dugu elkarrizketarekin eta akordioarekin liskarrarekin baino gehiago lortzen dela; lan isilak, politikan, zaratak eta epe laburrean aritzeak baino hobeto funtzionatzen duela, eta epe luzeko eta garrantzi handiko helburua lortzen laguntzen duela".
Chivitek eskerrak emanez abiatu du ordu eta erdi pasatxo iraun duen hitzaldia: "Eskerrak eman nahi dizkiet elkarrizketaren eta akordioaren alde egin zuten alderdi politikoei, eta Nafarroarentzat gobernu eta proiektu hau posible egin zutenei".
Ekonomia hizpide, Nafarroako "adierazle ekonomikoak onak" direla azpimarratu, baina inflazioak eragindako "hodei beltzak" aintzat hartu behar direla erantsi du.
Horien aurrean, Nafarroaren hazkunde ekonomiko "inklusiboa" aldarrikatu du, hots, "inor atzean utziko ez duela, murrizketarik gabea". "Garai bateko murrizketen aurrean, gure eredua baliabideak ipintzekoa eta sareak indartzekoa izan da", esan du.
Chiviteren hitzetan, "Nafarroa aurrera doan seinale" dira aurrekontuen aurreproiektua (izapidetzen ari dena) edota jada onartu dituzte bi planak —enpleguarena eta bizikidetzarena—, baita Nafarroako Ubidearen lanak, AHTa edo gazteriari zuzendutako politikak ere.
Chivite, hizlarien tribunan. Argazkia: EFE
Azpimarratu duenez, "talde moduan izan dugun lorpenik handienetakoa Nafarroaren aniztasuna" bultzatzea eta modu horretan elkarrekin bizitzea, "mezu faltsuekin Nafarroaren irudi ona zikindu nahi duenik dagoen arren".
2022ko erronkak ahotan, Osasuna eta Hezkuntza aipatu ditu "eredu sozial eta ekonomikoaren hauspotzaile nagusi" gisa. Lehenari buruz esan du lehentasunak direla lehen arreta eta itxaron zerrendak hobetzea. Dena dela, aitortu du badela "urteak daramatzan arazo estruktural bat": profesionalen falta. Horren harira, iragarri du pandemia dela eta kontratatutako errefortzu langileen % 70ari eutsiko zaiola.
Azkenik, iragarri du Euskararen Foru Dekretuaren inguruko proposamen bat aurkeztuko dutela, behin bazkideen arteko desadostasunak gaindituta. Euskararen bigarren plan estrategikoa ere lantzen ari direla zehaztu du.
Taldeen balorazioa
Chivitek bere interbentzioa amaitu ostean, saioa ordu erdiz eten dute eta ondoren talde parlamentarioetako bozeramaileek hartu dute hitza —gehienez ere, 30 minutu—, handitik txikira, lehendabizi oposizioko alderdiek —Navarra Suma eta EH Bildu— eta gero Gobernuari babesa ematen diotenek —PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E—.
Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak adierazi du Nafarroa "etenik gabe okerrera" egiten ari dela eta ardura guztia Chiviteri egotzi dio. "Chivitek bere programari eta printzipioei uko egin die eta herritarrei gezurra esan die, fidatzeko ez dela agerian utziz", salatu du.
"ETAren terrorismoa hainbeste sufritu eta gero, Bilduren babesarekin gobernatu zuen presidente gisa pasatuko da historiara", erantsi du.
Bakartxo Ruiz EH Bilduko ordezkariak, berriz, Chiviteren "autokonplazentzia" kritikatu du eta "anbizio handiagoarekin" jokatzeko eskatu dio, Parlamentuan gehiengoa ezkerrak duela baliatuta.
"Gure errealitatea kontuan hartuta hartu behar ditu erabakiak, Madrilek esaten duena soilik betetzera mugatu gabe", azpimarratu du. Halaber, Ruizek berretsi egin du EH Bilduren konpromisoa "ezkerreko blokea kontsolidatzeko".
Bakartxo Ruiz. Argazkia: EFE
PSNrekin batera gobernuan dagoen Geroa Bai pozik agertu da orain arte egindako lanarekin eta Nafarroako egoera politikoak lortu duen "egonkortasuna" nabarmendu du.
Uxue Barkosek esan du Geroa Bai bazkide "zorrotza" dela, baina baita "leiala" ere. Hori dela eta, euskarari buruz Chivitek hartutako erabakiak -zonalde mistoan eta ez euskaldunean egindako oposizioetan euskara jakitea ez dute kontuan izango- gogor kritikatu ditu eta atzera egin dezala eskatu dio.
Podemoseko Mikel Builek ere aitortu du hiru alderdien arteko desadostasunak dauzkatela gobernuaren baitan, zergei edo azpiegiturei buruz erabakiak hartu behar dituztenean. Edonola ere, energia kudeatzeko enpresa publiko bat, komunikabide publiko bat eta banketxe publiko bat sortzea aldarrikatu du.
Ildo horretan, Chivitek orain arte egindako lana balioan jarri du, baina haren diskurtsoa politikoegia izan dela iritzi dio. "Nafarroaren erronkei buruz gehiago hitz egingo zuela espero genuen", deitoratu du.
Azkenik, Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak adierazi du Chiviteren interbentzioa "kudeaketan zentratu" dela eta egoera sozio-ekonomikoaz ez dela nahikoa aritu. "Autokonplazentziazko diskurtsoa izan da eta horrek esan nahi du prekarietatean bizi diren milaka nafarrengandik urrun dagoela", ohartarazi du.
Nafarroako egoerari buruzko eztabaidak ostiralean jarraituko du eta orduan bozkatuko dituzte taldeen proposamenak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa