Politika
Eusko Alkartasuna
agencias | eitb media
Helburuetako bat alderdian "irekita denbora gehiegi" daramaten "zauriak orbaintzea" izango da, baina sektore kritikoak jada erantzun du deialdia "erokeria" bat dela.
EAren Kongresuaren aurkezpena. Argazkia: EiTB
EAren zuzendaritzak Kongresua deitu du datorren urte hasierarako, eta bertan aurkeztuko duen ponentzia politikoan EH Bildu koalizioan duten lekuari eustea defendatuko dute, Euskal Herriaren independentzia lortzeko "tresna eraginkorrena" delakoan.
Horixe azaldu du Iker Ruiz de Eginok 2022ko otsailaren amaieratik martxora "Alkar Zainduz" lelopean egingo duten kongresuaren aurkezpenean.
Kongresuaren helburuetako bat alderdian "irekita denbora gehiegi" daramaten "zauriak orbaintzea" izango dela aitortu du Ruiz de Eginok. Izan ere, alderdiko sektore ofizialaren eta kritikoaren artean liskar handia dago EAk EH Bilduren barruan duen lekuarengatik. Auzitegira iritsi da gatazka, eta kanporatzeko txostenak ere ireki dituzte hiru militanteren aurka, tartean Maiorga Ramirez kritikoen burua.
Kongresuko prestaketa lanetan diharduen batzordeko presidenteak ere hartu du hitza aurkezpenean, Leire Pinedok, eta orain garrantzitsuena afiliatuek "hitz egitea" dela eta datozen urteetako EA nolakoa izango den zehaztea dela azpimarratu du.
Pinedok adierazi du azaroaren 3tik abenduaren 3ra batzarrak egingo dituztela herriz herri ponentzia politikoa aztertzeko, zuzenketak sartzeko, eta otsailaren 19ko eta martxoaren 5eko asteburuetan egingo duten kongresuko konpromisarioak hautatzeko.
Ruiz de Eginok esan du Kontseilu Nazionalak atzo onartu zuen ponentzia politikoaren zirriborroak EAren datozen lau urteetarako jardunaren "norabide nagusia" ezartzen duela, baina kideak izango direla, azken batean, erabakiko dutenak.
2021ean Donostian adostutako ponentzia politikoa berritu omen dute zirriborro berrian, eta bertan autodeterminazioa aldarrikatzen da oinarrizko eskubide gisa, euskal errepublika jartzen da helburu, eta Euskal Herri independente horretara bidean ibilbide orri bat proposatzen da.
EAk EH Bildun eta EH Bain duen papera ere aipatzen du testuak, eta azpimarratzen du EH Bildu dela "tresna eraginkorrena" alderdiaren estatutuen lehenengo puntua betetzeko: Euskal Herriaren independentzia, euskal errepublika izango den Estatu baten bitartez, Europar Batasunaren baitan.
"Erokeria"
Eusko Alkartasuneko sektore kritikoak berehala erantzun du, eta esan du "erokeria demokratikoa" dela Kongresu bat antolatzea "idazkari nagusia nor izango den erabakitzeko afiliatuei ahotsa eman gabe" eta kanporatzeko txostenak irekita daudenean.
Gainera, Kongresua antolatzea bera "EA desegiteko" modu bat dela adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa