Politika
Eusko Legebiltzarra
Agentziak | EITB MEDIA
Sailburuak Legebiltzarrean aurkeztu du aurreproiektua. "Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimen memoria eta duintasuna" aldarrikatzea du xede egitasmoak, eta frankismoari gorazarre egitea eta antzerako ekintzak gogor zigortzea aurreikusi du.
Artolazabal, Legebiltzarreko batzordean. Argazkia: Irekia
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen aurreproiektua aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Proiektua Ganberara heldu berri da, eta datozen hilabeteetan izapidetu eta onartzea espero da (Jaurlaritza osatzen duten alderdiek nahikoa babes dute onesteko).
Artolazabalen hitzetan, proiektua ez da "ez dela bando-legea, ez du aspaldiko mamurik astindu nahi. Duintasuna berreskuratzeko legea da, itzuli ez zaionari itzultzeko, eskubide urraketak berrezartzeko eta injustizia erreparatzeko".
Artolazabalek egitasmoaren lerro nagusiak azaldu ditu Legebiltzarren Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean, berak eskatutako agerraldi batean.
Sailburuak azpimarratu duenez, "ilusioz beteriko erronka" da legea, baita "aukera historiko bat" ere, "biktimen memoria, errekonozimendua eta erreparazioa sustatzeko" eta "printzipio eta balio etiko eta demokratikoak bultzatzeko". Proiektuak "egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea" ditu oinarri.
"Helburu humanista eta humanizatzaile baten zerbitzura dago legea: Gerra Zibilaren eta Diktaduraren biktimen oroimena eta duintasuna berreskuratzea", adierazi du. Gogorarazi duenez, etorkizuneko legeak urteko egun bat zehaztuko du biktimok gogoan hartzeko eta omentzeko.
Azaldu duenez, gainera, "modu sinboliko eta afektiboan", biktimek izaera instituzionaleko aitorpen dokumentu pertsonalizatu bat jasotzeko eskubidean jasoko du legeak, Eusko Jaurlaritzak emana eta "beraien ohorea berrezartzera eta asebetetze moral bidezkoa" lortzera begira.
Planak zehapen-erregimen atal bat du, arau-hauste oso astunak, astunak eta arinak ezartzen dituena. Horrela, Gerra Zibileko biktimen hilobien suntsiketa 150.000 eurorainoko isunekin zigortuko da. Arau-hauste larrien artean (10.000 eurorainoko zigorrak) nabarmentzekoak dira Gerra Zibileko eta diktadurako biktimen aurkako manifestazioak eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura oroitzeko edo goresteko ekitaldiak.
Artolazabalek gogorarazi duenez, aurreproiektuak Memoria Historikoko Erakundeen Direktorioa eta arlo horretako Aholku Batzorde bat sortzea aurreikusten du, erakunde memorialisten kontsultarako eta partaidetzarako organo izango dena.
Halaber, 2022ko aurrekontuetan Jaurlaritzak hainbat ekimen proposatu dituela aurreratu du, besteak beste, Gogora Institutuan erakusketa-gune berriak zabaltzea, Gernikako museoa berritzea eta martxoaren 3ko biktimen memoriala eraikitzea.
Oposizioaren adierazpenak
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak uste du testuak "anbizio falta" duela eta "oroigarri hutsa" dela; halaber, kritikatu egin du orain Eusko Jaurlaritzak babesa eskatzea, duela hiru urte koalizio abertzaleak proposatutako legea atzera bota zuenean. "Biktimak dekoratu bat dira. Ez da ikusten helburua haiek erdigunean jartzea denik", esan du, eta gaineratu, biktima batzuk -1936tik 1960rakoak- "bazterrean" utzi direla.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak "txalotu" egin du legea, "beharrezkoa" dela iritzita, baina Kongresuan izapidetzen ari diren Estatuko Memoria Historikoaren Legearekin "bat datorren" galdetu du.
Carmelo Barrio PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak uste du lege hori ez zela "beharrezkoa", Estatuan badirelako beste lege batzuk. Era berean, uste du "ahanztura garrantzitsuak" dituela, eta aurreratu du tramitazioan saiatuko direla horiek osatzen. Legeak jasotzen duen epealdian "ETA protagonista makabroa, hiltzailea eta terrorista" izan zela zehaztu nahi izan du.
Horren harira, Artolazabalek argitu du arauak ez dituela ETAren biktimak barne hartzen, legearen eremu kronologikoa 1936tik 1978ra bitartekoa delako, baina "garai horretan gertatu zen guztia" sartu gabe; aitzitik, "helburu espezifiko" gisa eskubideen urraketak dituela nabarmendu du, "kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurrean legezkotasun demokratikoaren defentsaren esparruan, eta ez beste batean".
Azkenik, Amaia Martinez Vox alderdiko ordezkariak errefusatu egin du araua, "errebantxismoa, gorrotoa eta espainiarrak kriminalizatzea" sustatzen duela irizten baitio.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa