20:58

Politika

Espetxe politika

Sarek dio bide "luzea" geratzen dela oraindik, eta urtarrilaren 8an kalera ateratzeko deia egin du

agentziak | eitb media

EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, ELAk, LABek, UGTk, STEILASek eta politikari independentisten ordezkaritza zabal batek eman diote babesa Sarek deitutako martxari.

1:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Manifestazio jendetsua egin dute gaur Donostian ETAko presoei ezartzen dieten "salbuespenezko politika" amai dadila eta legedi arrunta ezar diezaietela eskatzeko.

Sarek deituta, manifestazioan eragile sozial eta politiko ugari elkartu dira: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, ELA, LAB, UGT, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CNT, CGT, Kataluniako politikariak, etab.

"Ibilian ibilian etxerako bidean" leloa zeraman pankartaren atzean abiatu da manifestazioa arratsaldeko bostetan Antigua auzoko tuneletik, eta Kontxako pasealekua eta beste kale batzuk zeharkatu ostean, Donostiako Boulevarden amaitu da.

Sareren arabera 25.000 lagunek parte hartu dute manifestazioan, eta amaieran Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak esan du oraindik "bide luzea" dagoela egiteko, 104 euskal preso daudelako Espainiako espetxeetan, eta 20 inguru Frantziakoetan.

Horren harira, 2022ko urtarrilaren 8an "berriro Euskal Herriko kaleak betetzeko" deia egin du, mobilizazioaren nondik norako gehiago eman gabe.

Azkarragak manifestazioaren amaierako ekitaldian adierazi duenez, "euskal presoek bizi duten eskubide urraketa amaitu beharra dago", hamarkada luzetan iraun duen eta jende askori sufrimendua eragin dion salbuespenezko espetxe politikari erreferentzia eginez".

Hala eta guztiz ere, aitortu du "egia" dela azken urtean "aurrerapausoak" izan direla, "gizon-emakume askoren esfortzuari eta gehiengo politiko eta sindikalari esker".

Bestalde, Arantza Aldezabal bozeramaileak "aukera" aprobetxatzeko deia egin dio Eusko Jaurlaritzari, urriaren 1etik espetxeen eskumena duelako, eta horrekin "espetxe politika humanista eta errepresiorik gabea" ezar dezakeelako.

Irune Berasaluze EAJren legebiltzarkidea izan da parte hartu duenetako bat, eta manifestazioa hasi aurretik azaldu duenez, presoei ezartzen dieten "salbuespenezko legedia" indargabetu beharra dago, bergizarteratzeak erraztu egingo duelako "iraganaren azterketa kritikoa egitea".

Bere esanetan, "ETAko presoei ere gainerakoei aplikatzen zaien tratamendu bera eman behar zaie, are gehiago ETAk desagertzea erabaki zuela hamar urte bete direnean".

Era berean, goraipatu egin ditu "preso asko Euskal Herrira hurbiltzeko azken hileotan eman diren pausoak".

"Hori da jarraitu beharreko bidea, bergizarteratzea errazten duelako, eta azken batean, hori da lortu behar dugun helburua. Gainera, orain Eusko Jaurlaritzaren esku geratu da espetxeen eskumena", adierazi du.

Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak "legedi arrunta" betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari presoen auzian, "herri honetako gizon-emakumeok bultzatzen dugun bizikidetzara bidean urrats handia" izango litzatekeelakoan.

Iriartek aldarrikapen ekitaldia hasi aurretik egin ditu adierazpenok, eta gogorarazi du ETAren erabakitik 10 urtera, "berriro kalean" daudela, eta "berriro" eskatu behar diotela "Espainiako Gobernuari legedi arrunta bete dezala".

Era berean, Aieteko adierazpenetik ere 10 urte igaro direla eta puntuetako bat oraindik ez dela bete salatu du: "Euskal presoen eskubideei dagokiena".

Bestalde, Maite Gartzia Elkarrekin Podemosen ordezkariak esan du ETAko presoak gerturatu egin behar direla, bizilekutik urrunduta "giza eskubideak urratzen" ari direlako. Hori horrela, egungo espetxe politika aldatzeko eskatu du, "ez baita justua".

"Dugun espetxe legedia ez da justua, eta aldatu egin beharra daukagu. Eskubide batzuk urratzen ari dira, eta hau da horietako bat", azaldu du, "justizia soziala" lortzeko "eskubide urraketen aurka" egin behar dela ohartarazi aurretik.

Oriol Junqueras ERCren buruzagia ere bertaratu da Donostian, eta txalotu egin du EH Bilduk urriaren 18an egin zuen adierazpen "ausarta eta zintzoa, bakera eta bizitzaren errespetura bidean". Gogo onez hartu du Euskal Herriak Kataluniak "betidanik apustu egin duen bidea jarraitzea", hau da, "elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidea Estatuarekiko gatazka" konpontzeko.

Josep Rull Generalitatearen kontseilari ohiak, aldiz, adierazi du Junts "euskal gizartearen gehiengoaren" alboan dagoela ETAko presoei ezartzen dieten "salbuespenezko legedia" amai dadila eskatzean.

Amaia Muñoa eta Igor Arroy ELAren eta LABen idazkari nagusien ondokoek bat egin dute presoei legedi arrunta aplikatzeko eskaerarekin, "Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea" jasotzen duelako.

Era berean, presoen eskubideak "behin betiko errespetatzea" eskatu dute, "eta behingoz, Euskadin, bizikidetza demokratikoari ekitea, etorkizuneko erronka gisa, guztion eskubideak eta euskal gizartearenak errespetatuko diren eszenatoki batean, beren etorkizuna erabakitzeko".

Coviteren potesta

Manifestariak tuneletik atera direnean, COVITE biktimen elkarteko kideek pankartak zintzilikatu dituzte eta ETAk hildako pertsonen argazkiak zituzten eta presoei "hiltzaile" deitzen zieten paskinak jaurti dituzte.

Orduan, manifestarietako batzuk oihuka erantzun dute: "koldarrak", "zuek faxistak zarete terroristak eta "alde hemendik".

Bestalde, Carlos Iturgaiz PPren EAEko presidenteak EAJri leporatu dio EH Bildurekin eskutik helduta atera dela "ETAko gaizkileak" txalotzeko, "ongi etorri" moduko batean.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena