Itxi

Politika

Ipar Euskal Herria

Sarkozy ETAko presoak hurbiltzearen alde agertu da

Erredakzioa

Frantziako presidentea hauteskunde kanpainan da eta Itsaun eta Baionan izan da. Baionako istiluen ondoriz taberna batean harrapatuta geratu da eta Poliziaren laguntza behar izan du atera ahal izateko.

01:15
Nicolas Sarkozy Itsasun eta Baionan izan da

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea ETAko presoak hurbiltzearen alde agertu da ostegun honetan Itsasun, Lapurdin. Zehazki, presoak hurbiltzea "desiragarria" litzatekeela adierazi du Sarkozyk. Frantziako Parlamentuak hurbilketaren aldeko ekimena onartu zuen iragan urtarrilean.

Hauteskunde kanpainaren barruan egindako bisitan,Itsasuko etxalde bat bisitatu du lehenik, 13:00 aldera, eta aurretik hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute. Poliziek erabat hartu dute herria; 50 furgoneta inguru bertaratu dira eta hiru gazte atxilotu dituzte.

AHTarenaurkako protesta nagusitu da elkarretaratzean,eta presoen aldeko banderolak ere agertu dituzte. Mobilizazioaren antolatzaileen arabera,"aterabide demokratikoaren alde altxatzen diren milaka bozak errespetatu behar ditu Frantziako Estatuak; Sarkozyk entzun eta kontuan hartu behar du herriaren borondatea".

Baionako tabernan, harrapatuta

Baionan, aldiz, Frantziako presidentea taberna batetik erreskatatu du Poliziak, hiriburura egindako bisitak sortutako istiluek bertan harrapatu ondoren. Atera ondoren, Sarkozyk adierazpen gogorrak egin ditu Frantziako sozialistei istiluen erru osoa botata. Zehazki, "mugimendu terroristaren aldeko" jendearekin batu izana leporatu die.

Gainera, Sarkozyk zalantzan jarri du François Hollande hautagai sozialistaren borondate ona: "ez dakit ni kanpaina lasaia eta errepublikarra egiteko aukera izatea nahi zuen, lurralde osotik mugituta", esan du.

Nicolas Sarkozy Bruselara bidean atera da eta gertatutakoa "barrabaskeri hutsa" dela adierazi du.