Politika
EH BILDU
EITB MEDIA
Arnaldo Otegik EH Bilduk militanteekin Eibarren egindako ekitaldi batean esandakoez galdetu dio Pablo Casadok Espainiako Gobernuko presidenteari Diputatuen Kongresuan, eta EH Bilduk Aurrekontuei babesa ematearen truke presoak askatzea baztertu du Pedro Sanchezek.
Albisteak (3)
EH Bilduk astelehenean Eibarren militanteekin egin zuen ekitaldian Arnaldo Otegik esandakoek hautsak harrotu dituzte Espainiako politikagintzan. "200 preso ditugu kartzelan, eta ateratzeko Aurrekontuak bozkatu behar baditugu, egingo dugu", adierazi zuen orduan EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Gaur, asteazkena, Arnaldo Otegik esandakoez galdetu dio Pablo Casado PPko buruzagiak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari Diputatuen Kongresuan. Pedro Sanchezek ukatu egin du EH Bilduk Aurrekontuak babestearen truke presoak askatzea.
Gainera, ETAren amaieraren 10. urteurrena betetzen den egunean akusazio horiek egitea aurpegiratu dio Sanchezek Casadori. Horren hitzetan, ez du ulertzen zergatik ez duen eskuinak demokraziaren garaipena ospatzen eta zergatik erakusten duen beti "Espainiako demokraziaren lorpen handienetako bat denaren inguruko ikuspegi mingotsa".
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ere gaiaz hitz egin du. Horren esanetan, "Espainiakoa bezalako demokrazia batean zuzenbide estatua eta legea aplikatzen dira", eta, hain zuzen ere, hori izan zen, bere ustez, ETA garaitu zuena.
Santiago Abascal Voxeko presidenteak Kongresuko pasilloetan hitz egin du, eta "ETAren Aurrekontuak bozkatu beharko ditugula" deitoratu du. Halaber, Espainiako demokrazia aldatzeko plan bat partekatzea leporatu die Sanchezi eta Otegiri.
EH Bildurekin harremanak eteteko eta Estatuko Aurrekontu Orokorren bozketan koalizioaren aldeko botoa ez onartzeko eskatu dio Ines Arrimadas Ciudadanoseko buruak Pedro Sanchezi.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, bere aldetik, Otegiren hitzak Urriaren 18ko Adierazpenaren "B aldea" direla nabarmendu du, eta zalantzan jarri du ezker independentistak biktimen minaren inguruan esandakoaren zintzotasuna.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ez da Otegik presoen inguruan esandakoarekin harritu. Azaldu duenez, Arnaldo Otegik eta inguru politikoak "jende askori terrorista izateko deia egin zioten eta, beraz, motxila hori darama gainean".
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidente ohiak berretsi du ez duela uste "Aurrekontuak onartzeagatik askatuko dituztenik". Horren aburuz, baina, Sanchez gai da "horretarako eta askoz gehiagorako".
Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak esan du "begien bistakoa" dela PSOEren eta EH Bilduren artean Aurrekontuen inguruko akordioa dagoela, eta horrek presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea ekarri zuela eta orain espetxeetatik ateratzea eragin dezakeela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa