Politika
URRIAREN 18KO ADIERAZPENA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehendakariaren arabera, iraganaren autokritika egin ez duenez, eta ETAk ez zuela existitu behar esan ez duenez, ez zaio "ohiz kanpoko edo berezia" iruditu atzo publiko egindako adierazpena.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean berretsi du positiboa dela EH Bilduk ETAren biktimen sufrimendua bere egitea, baina iraganaren autokritika egin ez duenez, eta ETAk ez zuela existitu behar esan ez duenez, ez zaio "ohiz kanpoko edo berezia" iruditu atzo publiko egindako adierazpena.
Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean, Urkulluk nabarmendu du atzoko agiria "garrantzitsua" dela biktimekiko "enpatiari" eta "sufrimenduari" dagokienez. Hala ere, balorazio "positiboa" egin arren, lehendakariaren ustez, "ez dago ezer bereziki berririk".
Indarkeria tresna guztiz bidegabea izan zela eta ez zuela Euskal Herriaren bizimodu politikoa baldintzatu behar azpìmarratu du lehendakariak, eta bere iraganaren "autokritika ariketa bat" egitea beharrezkotzat jo du.
Carlos Iturgaiz Euskadiko Alderdi Popularreko presidenteak adierazpenaren harira esandakoaren aurrean, EH Bilduren adierazpena "txantxa makabroa" izan dela eta Otegik "biktimei barre" egiten diela, lehendakariak ez du uste ezker abertzaleak biktimei barre egiten dienik; izan ere, "legeztatzeko ibilbide bat" egin behar izan du, "indarkeriarik gabeko etorkizun baten alde" egiten zuten estatutuekin.
Urkulluren hitzetan, baina, ezker abertzaleak aitortu behar du "ETAk ez zuela inoiz existitu behar edo ETAren indarkeria guztiz bidegabea izan zela".
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak adierazpen "solemnea" egin zuten atzo Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrena eta ETAren indarkeriaren amaiera gogoratzeko. Agerraldian, "atsekabea eta samina" agertu zuten ETAren biktimek jasandako sufrimenduagatik, eta "hura ez zela inoiz gertatu behar" adierazi zuten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa