15:20

Politika

ETA-ren desagerpena

EH Bilduk eta EH Baik Aieteko ibilbide orriarekiko erabateko konpromisoa berretsi dute 10. urteurrenean

agentziak | eitb media

Iñigo Urkullu lehendakariak jokatu duen papera kritikatu dute, "Aieteko deklarazioaren konpromisoei ihes" egin dielakoan: "Nazioarteko ikuskatzaileen gomendioei muzin egin, eta Espainiako Gobernuaren aurrean bere alderdiarentzat eroso ziratekeen tokia bilatu nahian ibili baita".

  • Lopepe eta Iriarte, gaur. Argazkia: EH Bildu

    Lopepe eta Iriarte, gaur. Argazkia: EH Bildu

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak eta Anita Lopepe EH Bairenak agerraldia egin dute gaur Ficoban (Irun) Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrena dela eta, eta "bakera bidean ibilbide orri bat" ezarri zuela eta "gure herriarentzat mugarri" izan zela goraipatu dute.

Nazioarteko eragileek plazaratutako adierazpenaren harira, azpimarratu dute ETAk "konpromiso guztiak" bete dituela. Hala ere, estatuen erantzuna "hasieratik, borondate politikorik gabea" izan dela kritikatu dute, "bide hori itxi" dutela eta "elkarrizketa orori uko" egin diotela, nahiz eta aitortu Frantziako Gobernuaren jarrera "apur bat desberdina" izan zela.

Ordezkari politikoen, instituzionalen eta herritarren parte-hartzeari dagokionez, 10 urteotan Hego eta Ipar Euskal Herrian "bide desberdinak" egin direla azaldu dute, azken horretan ibilbidea "oso emankorra" izan dela iritzita.

"Hego Euskal Herrian, berriz, hasieratik gauzak oso motel joan dira, kontraesan eta are konfrontazio handiak izan dira, eta zailtasun nabarmenak izan ditugu guztiok arraun egiteko norabide berean. Elkarbizitza, bakea eta gatazka politikoa gainditzearen norabidean hain zuzen", gaitzetsi du Iriartek.

Horren harira, une batzuetan alderdikeriak, interes elektoralak, faktura politikoak pasatzeko asmoak..." nagusitu direla adierazi dute, eta "ordezkaritza instituzionalak ere, guztion elkargune gisa aritu beharrean alderdikeria horretaz blai" aritu direla, "bidea erraztu beharrean gauzak korapilatzen".

Iriarte eta Lopeperen ustez, "esanguratsua da" Iñigo Urkullu lehendakariak jokatu duen papera, "Aieteko deklarazioaren konpromisoei ihes" egin dielakoan. "Nazioarteko ikuskatzaileen gomendioei muzin egin, eta Espainiako Gobernuaren aurrean bere alderdiarentzat eroso ziratekeen tokia bilatu nahian ibili baita", bozeramaile abertzaleen esanetan.

Gogorarazi dutenez, "Espainiako Gobernuak, frantziarraren laguntzaz, uko egin zion armagabetze prozesu antolatu bat egiteari. Uko egiteaz gain, ekiditen saiatu zen bortitz eta temati". Horren aurrean, Iriartek eta Lopepek Arnagako ekitaldia goraipatu dute, ETA behin betiko amaitu zela irudikatzeko ekitaldia. Lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak Bertizen egindakoa, berriz, "iraganari begira egindako ekitaldi instituzionala izan zen. Ekimen itxia, uzkurtuta, etorkizunari beldurra erakutsi zuena, protagonismo politiko bati eustea bilatzen zuena eskubide eta konponbidearen gainetik".

Presoei dagokionez, txalotu egin dute "azkenean urrats batzuk" egin izana, tartean sakabanaketa amaitzeko egindakoak. "Burutu gabeko prozesua da oraindik, baina atzerapenik gabe amaitu beharko litzateke salbuespeneko kartzela politika, eta presoak etxera ekartzeko fase bat ireki", aipatu dute.

"Nola ulertu bestenaz azkenaldion eta, bereziki, 'Elkarbizitzarako planen' izenean egiten ari diren deklarazioak eta mugatu nahi diren askatasunak? Lehen 'ETAren munduaz' hitz egiteak ondorio larriak ekarri zituen ehunaka herritarrentzat, bai eta eskubide zibil eta politikoen murrizketak milaka eta milaka herritarrentzat. Orain batzuk 'ETAren unibertsoaz' mintzo dira eta iraganari buruzko autokritika eskatzen dioten sektore politiko jakin bati soilik, horrela abantaila politikoa bereganatu nahian  dabiltza datorren ziklo elektoralari begira", adierazi dute ezker abertzaleari autokritika eskatzen diotenei begira.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk eta EH Baik berretsi dute bat egiten dutela Aieteko ibilbide orriarekin, eta azpimarratu dute "biktima guztien errekonozimendua eta konponbidea lehentasuna" direla.

Era berean, berretsi egin dute "konpromisoa iraganari buruzko hausnarketa eta gogoeta konpartitua egiteko", "elkarbizitza sendotu eta giza eskubide guztien errespetua izan dadin etorkizuneko oinarria". "Gatazkaren gaineko kontakizuna baino, norberak berea eduki baina irakaspenak guztionak izan daitezen. Izan ere guztiok izan baitugu ardura, guztiok egin baititugu akatsak, eta guztiok izan behar baitugu konpromiso irmoa bakea eraikitzeko", gaineratu dute.

Azkenik, EH Bilduk eta EH Baik "Aieteko adierazpenaren laugarren puntua gure egin eta Euskal Herriaren geroari buruz eragile politikoen arteko elkarrizketa eta akordioak bultzatzeko gure prestasun osoa" agertu dute: "Adostasun horiek herritarrei kontsultatuz gehiengoaren erabakia onartzea baitezpadakoa da, horrek ahalbidetuko duelako Euskal Herrian egoera demokratikoago bat erdiestea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena