Politika
Memoria historikoa
eitb media
Epaile argentinarra frankismoko krimenen aurkako auzi bat gidatzen ari da bere herrialdean, eta Gasteizko sarraskiagatik eta 1978ko sanferminetako gertakariengatik ministro ohi frankista auzipetu du orain. Villak dagoeneko iragarri du helegitea jarriko duela.
Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankista auzipetu du 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiagatik eta 1978ko sanferminetan German Rodriguezen heriotzagatik.
Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileak esan du 1.000 orri inguruko autoak, kolektiboak irakurri ahal izan duenak, UCDren ministro ohia auzipetzea agintzen duela hainbat elkartek aurkeztutako kereilak aztertu ostean. Kereila horiek ez zituzten tramitera onartu ere egin Espainiako Estatuan.
Kereilak genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkio Villari, tartean 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hiltzeagatik.
Era berean, 1976tik 1977ra sei heriotza gehiago leporatzen dizkiote poliziaren agintari goren zenari, eta horien artean dago German Rodriguezena 1978ko sanferminetan.
"Argi geratzen da epailearen jarrera eta helburua zein den", adierazi du Txaskok, autoarekin gustura agertu ostean.
Plataformako abokatuak testu judiziala aztertzen ari dira noraino iristen den jakiteko, eta eman beharreko pausoak erabakitzeko. Datorren astean emango dute ondorioen berri.
Martin Villak errugabe zela defendatu zuen 2020ko irailean telematikoki Serviniren aurrean egin zuen agerraldi batean, Argentinak Madrilen duen Kontsulatuan, eta "Trantsizioan genozidioa izatea ezinezkoa" zela azpimarratu zuen.
Martin Villaren helegitea
Gobernazio ministro ohiak Apelazio Ganberara joko du auzipetzearen aurkako helegitea sartzeko, eta baita bermea atzera botatzeko ere, Efe albiste-agentziak ministro ohiaren inguruko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.
Iturri horiek gogorarazi dute 2017an Apelazio Ganberak atzera bota zuela, oinarririk ez zuelakoan, Servinik emandako atxilotzeko agindua, eta atzera bota zuen ere, gehiegizkoa zelakoan, askatasunean deklaratzeko ezarritako bermea.
Ministro ohiaren abokatuek duela gutxi auzia bertan behera uzteko eskatu zioten epaileari, Martin Villaren deklarazioan oinarrituta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa